[Harmailetatik] Motibazioz gainezka

Jexux Murua 2016ko abe. 6a, 09:16

Iñaki Artolaren itzulera albiste handia izan da eskualdeko pilotazaleontzat. Eskuin ukondoko lesio txar batek ebakuntza gelatik pasarazi zuen iraila erdi aldera. 

Hiru hilabete pasa egin ditu zuriz jantzi gabe, lau t´erdiko txapelketari paso egin beharrean eta bere besoarenosaketan zentratuta. Justu-justuan sendatu da bi-bitako txapelketa nagusirako. Jon Ander Albisurekin jokatzeko aukera eman diote hirugarrenez eta beraiei egokitu zitzaien txapelketari hasiera ematea joan den ostiralean. Lesio batetik atera berritan eta aurrez beste partidarik jokatu gabe egoteko, oso-oso partida txukuna egin zuen eta, partida amaieran, Ezkurdia eta Merino bost tanto atzera egotetik hogeinara etorri zitzaizkienean, gauzak gaiztotu zitzaizkienean alegia, nortasun eta kemen nahikoa izan zuen partidari heldu eta hogeita bira eraman zituzten bi azken pilotakadak jotzeko. Sasoi onean ikusi genuen baina, normala denez, antzeman zitzaion partida batzuk beharko dituela konfiantza eta ezagutzen diogun jokoa berreskuratzeko. Horretaz gain, lesioaren aurreko joko-puntura bueltatzea eta orduko mirak eta jomugak berritzeko eran jarri nahiak bereziki motibatuko du, ziurrenera. Ona da hori, itolarrira eramaten ez badu.

Gaur, berriz, Jokin Altunak ekingo dio txapelketa honi Tolosan, Abel Barriolarekin. Honek iragarri du txapelketa hau amaitu orduko erretiratuko dela. Ez zaio geratzen Abeli beste askoren moduko zartakorik, baina Jokinek eta biek osatzen duten pilotaritasun dosia ikaragarria da. Ez daukate beste askoren joa, baina frontoian jartzen eta pilota jotzen eta jokatzen paregabeak dira biak hala biak, bakoitza bere esparruan. Horrezaz gain, gainera, Abelen azkenekoa izatearen aparteko motibazioa izango dute biek, itxura onena emanez amaitu nahiko duelako leitzarrak eta amezketarrak ere, askotan agertu du honek Barriolari dion miresmena, halaxe izan dadin nahi duelako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!