Komunikabideek elkarbizitzan duten papera hizpide

Ataria 2016ko azaroaren 30a

Harkaitz Cano, Laura Mintegi eta Aingeru Epaltza pleno aretoan aritu ziren literaturaz, gatazkaz eta memoriaz, Bizikidetza Foroaren barruan.

Bizikidetza Foroaren neguko zikloak bigarren hitzordua izango du gaur, 19:00etan, pleno aretoan.

Euskal gatazka eta literatura hiru euskal idazlerekin Laura Mintegi, Aingeru Epaltza eta Harkaitz Cano aztertu eta gero, Tolosako Bizikidetza Foroak kazetaritzaren esparrura begira jarri nahi izan du elkarbizitza, neguko zikloko bigarren hitzorduan. Komunikabideak, elkarbizitzaren eraikuntza eta memoria izenburupean, hiru komunikabidetako arduradunak Tolosan ariko dira, gaur, pleno aretoko mahai inguruan.

Iñaki Soto izango da bata, Gara egunkariko zuzendaria eta, harekin batera, Lourdes Perez El Diario Vascoko erredakzio burua ere hizlarietako bat izango da, bizikidetza foroan antolatutako hitzorduan. Azkenik, Bingen Zupiria Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu izendatu berria ere bertaratuko da hitzordura, Deia egunkariko zuzendari lanetan aritu baita orain arte.

Mahai ingurua ele bietan izango da, eta 21:00ak inguruan amaituko da.

AZKEN HITZORDUA, BERTHA GAZTELUMENDIREKIN

Gaurko mahai inguruaren ongoren, datorren abenduaren 13an biribilduko dute Tolosako Bizikidetza Foroaren neguko zikloa, Bertha Gaztelumendiren eskutik.

Topic zentroan izango da hitzordua, 19:00etan, eta Emakumeak eta bizikidetza gaiaz solasean arituko da, lehenik, zine zuzendaria, gazteleraz. Ondoren,  Mariposas en el hierro dokumentala proiektatuko dute, eta zuzendariaren beraren azalpenez gozatzeko aukera ere izango da amaieran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!