Saltokietan janari bilketa egingo dute gaur eta bihar

Ataria 2016ko azaroaren 25a

Gipuzkoako Elikagaien Bankuak janari bilketa antolatu du asteburu honetarako, eta Tolosaldean ere hainbat saltokitan elikagaiak uzteko kutxak egongo dira, gaur eta bihar.

Hiritarrek bi modu dituzte Gipuzkoako Elikagaien Bankuari laguntzeko: eskatutako elikagaiak erosita edo 3 eta 5 euroko bonuak eskuratuta. Bonu horiei esker, Elikagaien Bankuak beharra duenean elikagaiak erosi ahalko ditu eta, gainera, biltegiratze eta garraio arazoak saihestu ahal izango ditu. Kakao-hautsa, gailetak, arrain edota berdura kontserbak, olioa, garbitasuneko produktuak, pixoihalak, eta haurrentzako era guztietako elikagai eta produktuak bilduko dituzte Tolosaldeko saltokietan, gaur eta bihar.

‘Bizia ematen duten keinu txikiak’ lelopean, 2016ko kanpaina honen helburua aurreko edizioan estatu mailan lortutako 22 milioi kilo elikagai edo gehiago lortzea da.  Iaz, Gipuzkoako Elikagai Bankuak 626.850 kilo bildu zituen eta 22.875 pertsona lagundu zituzten. Lurralde osoko 75 saltoki handi eta dendatan bilduko dituzte elikagaiak, tartean Tolosaldekoetan. Boluntario ugari ari dira bilketan laguntzen. 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!