Sanmartinak ospatzen hasiko dira eskualdean

Tolosaldeko Ataria 2016ko aza. 9a, 12:24

Alkizan, Amezketan eta Amasan ospatzen dira bereziki Sanmartinak eta gaur abiatuta ekimen ezberdinak antolatu dituzte igandera bitartean.

Egiazko negua Sanmartinetan hasten omen da. Egunotako giroak erakusten du esaera zaharrak arrazoi duela. Eguraldia ez da aitzakia izango, ordea, jai giroan murgiltzeko Alkizan, Amezketan eta Amasan.

Urteroko ohitura jarraituz antolatu dituzte San Martin festak Alkizan. Bihar, ipuin kontalariaren saioa izango dute 17:00etan eta etzi, besteak beste, garagardo dastaketa eta lehiaketak egingo dira: 19:00etan hasita, patata tortilla lehiaketa eta haurrentzako pintxo sorpresa lehiaketa. 7 eta 12 urte arteko umeek, pintxo lehiaketan parte hartzeko, aurrez eman beharko dute izena Ostatuan. Bihar da horretarako azken eguna. Bide batez, larunbat gauean, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso izango dira Alkizan. Bertso afarirako txartelak 35 euroan izango dira salgai Ostatuan.

SAN MARTIN JAI GEHIAGO

Amezketan San Martin egunaren bueltan antolatzen dituzte kultur asteko ekitaldiak. Gaur eta bihar hitzaldiak izango dira kultur etxean eta etzi San Martin ermitaren inguruan egingo dute festa.

Amasan, berriz, gaur 19:30ean hasiko dute ofizialki festa, Martina sorgina jaitsita eta XXVII. Intxorraren aldaketa eginda. Bihar, berriz, gazteen eguna izango da eta goizean goiz hasiko dute puska biltzea.

Erlazionatuak

Amezketako San Martinen egitaraua

Tolosaldeko Ataria 2016 aza 09 Amezketa

Alkizako San Martinen egitaraua

Tolosaldeko Ataria 2016 aza 09 Alkiza

Amasako San Martinen egitaraua

Tolosaldeko Ataria 2016 aza 09 Amasa-Villabona

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!