Partida erabakigarriak dituzte Altunak, Jakak eta Peñak

Ataria 2016ko urr. 28a, 13:52

Pilotazaleen gogoa pizten duen asteburu horietakoa datorkigu. Lau T´erdiko Txapelketako partida erabakigarriak jokatuko dituzte parte hartzen ari diren eskualdeko hiru pilotariek -Jokin Altunak, Erik Jakak eta Jon Ander Peñak-, maila nagusian lehenak eta promoziokoan beste biek.

Txapelketan aurrera egin edo agur esan izango da amezketarrak, Jokin Altunak, jokoan izango duena igandean, Donostiako Atano III frontoain. Iker Irribarria izango du aurkari, frontoi osoko buruz buruko egungo txapelduna. Egoera berean kantxaratuko da Irribarria ere eta, beraz, hasterako partidak emozioa gainezka izango du. Faborito argirik ez da ikusten lehiatik kanpora lagun onak diren hauen arteko partidan. Jende asko bilduko da frontoira pilotari bikain hauen arteko lehia zuzenean ikustera, eta pilota-giro latza izango da bertan.

Erik Jaka lizartzarrak eta Jon Ander Peña tolosarrak Iruñeko Labriten jokatuko dute larunbat arratsaldean, Bengoetxea VI eta Ezkurdiaren partida erabakigarria jokatuko den jaialdi berean. Erikek Laso nafarra izango du aurkari eta Jon Anderrek Dario errioxarra; Jakak bitik bi partida irabazita ditu, Dario eta Peñari, eta bana irabazita daude Peña eta Laso. Bi hauek irabazten badituzte beren partidak, bi postuetarako hiruren arteko berdinketa gertatuko da eta tantoen gora-beherek erabakiko dute. Osagai hauek guztiak kontuan, ez da pilota-giro eta emoziorik faltako Iruñean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!