Galdeketa, aukeratzeko. Etorkizuna zizelkatzeko. Mahaiaren bueltako eztabaidagai bilakatzeko. Galdera irakurri, eta erantzunaz hausnartzeko. Edo, di-da batean deliberatzeko. Bai ala Ez. Baina, edonola ere, erabaki.
Gizon-emakumeek. Hirugarren adinekoek eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzear direnek. Eta adin tarte horretan sartzen diren den-denek. Herritarrek, alegia. Tolosaldeko 28 herriak giltzaren herri bilakatu daitezen: giltzarri.
2017ko martxoaren 19a biribildu zuten gorriz, eta egun horrek hartuko du, eskualdean, nazio-ikuspegien iritziak biltzeko galdeketa. Aurretik, ordea, herritarren giltzarrapo koloredunak zabalduko ditu, martxora iritsi ahal izateko ate guztiak: batzorde sustatzaileak.
38 gizon-emakume, bailara osoa dantzan jartzeko. Herri bakoitzak ordezkari bana izango du batzorde sustatzailean eta, 28 kide horien bidelagun izango dira, era berean, Gure Esku Dago ekimeneko lau koordinatzaile.
Azkenik, prozesuaren bide horri ahots eta aurpegiak jarriko dizkiote talde motorreko sei kideek, bozeramaile postutik: «Biztanleok gara egitura horren osagai garrantzitsuena, gure parte-hartzerik gabe prozesuak ez baitu zentzurik. (...) Herritar guztien artean etorkizuna marraztera goaz; guztion artean handia egitera goaz!».
Eskualde osoko adin, sexu, lanbide, iritzi, ahots, kolore, jatorri, etxe eta herrien arteko saltsatik sei koilarakada hartu, eta dastamen guztien neurrira eginiko lapikoa osatuko dute, talde motorrean, Periko Peñagarikanok, Marijo Esnaolak, Mikel Artolak, Iker Ariznabarretak, Oihana Iguaranek eta Ioseba Mateosek.
Erantzunen harra sortu
Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa eta Zizurkil. Herri txiki, ertain nahiz handi, herritar bakoitzak bere nazio ikuspegia botoaren bitartez azaltzeko aukera izango du, bost hilabete barru. Eta, hain zuzen ere, erabakitzeko eskubide hori gauzatzeko lan egingo du 38 pertsonako lan-taldeak.
Giza-katea milaka herritarren memorian iltzatu izanaren erruduna berreskuratzea izango da lehen egitekoa: ilusioa. Eta, aldarte horren erritmora plazaratuko dute, «guztiok garela beharrezko etorkizuna eraikitzeko».
Bide beretik, beren ardura izango da «galdeketa baldintza egokietan egitea, berme guztiekin aurrera eraman ahal izateko». Horretarako, Gure Esku Dagok mamitutako herri-galdeketen protokoloa baliatuko dute eta, dokumentuak dioenari jarraituz, sinadura bilketa jarriko dute martxan, datozen asteotan. Sinatu, botoa ematearen truke; izena zerrendan gehitu, erabaki ahal izateko; etorkizuna idazteko. Ez baita gutun-azalak kutxetan sartzeko aukerarik izango, sinadurarik gabe.
Nahi eta ahal izateaz
Herri-galdeketen uholdea ez da atzo goizean sortutakoa. Ezta alboko herrian ekindakoa ere. Aurreko mendeaz geroztik, asko dira egitura politikoa aldatzea edo mantentzea erabaki duten nazioak eta, egiazki, badira Herrialde Katalanez haragoko ispiluak.
Botoa eman bitarteko egoera politiko berean, edo subiranotasun gehiagorekin. Bi ideia nagusi horien talkatik sortu izan da hauteskunde ofizialetatik haragoko galdeketak abian jartzeko gogoa. Eta, talka hori bototan neurtzeko, termometro bakarra: galdera. Luzeagoa, batzuetan, laburra eta argira, besteetan. Bi erantzuni atea zabalik uzten diena zenbaitetan, eta erantzuna erabakitzeko hiru aldiz irakurri beharreko paragrafoa, inoiz.
Luzerak, luzea, ordea, Tolosaldeak hainbat eredu izango ditu, martxoaren 19ko galdera eraiki eta zehazteko. Mendebaldeko Australian 1933an egindakotik hasi, eta Georgia (1991), Montenegro (2006), nahiz Herrialde Katalanetako Arenys de Munt-ekoa (2009) izan daitezke erreferentzia batzuk, iaz egindako guztiekin batera.
Izan ere, Euskal Herriko 34 herritan erabakitzeko ariketa kolektiboa egin zuten iaz, ekainaren 5ean. Azpeitiak, Ispasterrek, Debagoienak eta Goierrik eskuetan hartu zuten, estreinakoz, erabakia zabaltzeko giltza, eta 2017ak beste ehundik gora herriri zabalduko die boto kutxa. Tartean, Oarsoaldeak bat egingo du martxoaren 19arekin, eta Tolosaldeko herritarren egun berean erabakiko dute.
Hara iritsi bitarte, ordea, «galtzak bete lan» dituzte antolatzaileek, boligrafoen iraultza piztu eta eskualdeko bizilagunen sinadura bilduma osatzen; argi baitute, gogoa baino indar handiagorik ez dela, nahi den hura ahal izateko.
Gure Esku Dago Tolosaldeak egindako bideoa: