Odol emaileen lana goraipatuz

Ataria 2016ko urr. 19a, 16:37

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak urtero diploma eta domina banaketa egiten du odol emaileen artean. Zonalde bakoitzak berea egiten du, eta igandean, urriak 23, Oria Beheko Ordezkaritzak egingo du ekitaldi hori. Bertan kokatzen dira odol emaileen taldea duten eskualdeko herri gehienak: Anoeta, Asteasu, Berastegi, Villabona, Ibarra, Irura eta Tolosa. 

Gainera, aurtengo hitzordua antolatzearen ardura ere eskualdeko hiru talderi egokitu zaie: Berastegi, Ibarra eta Tolosa. Odol emaileak Urnietako Oianume sagardotegian bilduko dira eta bertan dominen banaketaz gain, ospakizuna borobiltzeko bazkaria egingo dute.
Odol emaileen elkartearentzat hitzordu garrantzitsua izaten da honakoa, izan ere, bertan elkartearentzat ezinbestekoak diren odol emaileei eskerrak ematen zaizkie eta euren eskuzabaltasuna baloratzen da. Konpromiso hori baloratzen da aipatutako domina eta diplomak banatuz, odola 25, 40, 50, 60, eta 70 aldiz eman duten emaileei. Aurten, zehazki, 121 domina eta diploma banatuko dituzte.

Odol emateak beharrezkoak dira pertsona askoren osasunerako, odol hori beharrezkoa baitute. Edonork izan lezake inoiz horrelako beharren bat, baita gutxien espero duenak ere. Horregatik, elkartetik odol emaileen ekarpena goraipatu nahi da eta odol emaile berriei dei egin nahi zaie odola ematera animatzeko, gazteei deialdi berezia egin dietelarik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!