Zer da Mintzanet?
Euskara internet bidez eta doan praktikatzeko plataforma da. Berez, Mintzaneten euskara praktikatu nahi duenari aukera ematen diogu internet bidez egin dezan. Laguntzaileak daude eta helburua, beti ere, ahalik eta jende gehienak euskaraz hitz egitea da.
Noiz eta nola sortu zenuten proiektua?
Donostian sortu zen 2013an eta Donostiako udaletik jaso genuen ideia. Maramara enpresari proposatu zioten kudeaketa eta ordutik hemen gabiltza, laguntzaileak eta euskara maila hobetu nahi duten pertsonak elkartzen eta biltzen. Bide batez, euskara bultzatzeko ahalegina egiten dugu.
Pixkanaka jendea batzen joan al zaizue?
Bai, hori da. Hasieran proiektua ezagutzera eman genuen eta geroztik jende asko batu zaigu. Une honetan 350 pertsona inguru ditugu martxan eta Mintzanet abian jarri zenetik, 2013tik, mila pertsona baino gehiago pasa dira plataforma honetatik. Oraindik ere, jende gehiagorengana iritsi gaitezkeela uste dugu eta horregatik geure burua ezagutzera ematen jarraitzen dugu.
Bidelagunak eta bidelariak dira proiektuaren protagonista.
Guk hemen egiten duguna da, bidelagunak, euskara ongi dakitenak eta bidelariak, euskara maila hobetu nahi dutenak elkartu. Bidelagunek bere borondatez izena ematen dute eta beren denboraren zati bat eskaintzen dute. Beste aldean, bidelariak daude, euskara maila hobetu nahi dutenak. Ikasten ari dira, baina soltura nahi dute, lotsa kendu. Bidelagunei esker lortu egiten dute. Ez dago helburu didaktikorik, mintzamena lantzen da, soilik. Aurrez aurreko saioetan bezala da, baina kasu honetan internet bidez egiten dira elkarrizketak.
Bidelagunak edo bidelariak, zeintzuk gerturatzen dira gehiago?
Bidelariak ditugu gehiago. Badago jende asko euskara hobetu eta praktikatu nahi duena, eta gehienetan ez du zeinekin izaten. Arazo geografikoagatik daude alde batetik, atzerrian daudelako eta han ez dagoelako aukerarik euskaraz hitz egiteko. Izaten dira, ordutegi arazoak ere, txandaka lan egiten duen jendea delako eta ezin izaten dutelako aurrez aurreko mintzalagun egitasmoetara joan.
Bidelariak frogatu behar al du bere euskara maila?
Bai. Guk muga bat jarri dugu: A2 altuan, B1 baxua. Ez du esan nahi titulu hori izan edo froga agiria aurkeztu behar duenik. Maila horren bueltan egon behar du, solasaldia aurrera eraman ahal izateko. Minimo hori jarri dugu. Gure webgunean fitxa bat topatuko dute bidelariek izena emateko eta bertan esteka bat ikusiko dute. Ikasbileko webgunera bideratzen dira bisitariak eta test txiki batzuk daude maila frogatzeko. Bide hori hautatzen ez duenak, gurekin egin dezake elkarrizketa bat eta guk neurtuko dugu euskara maila.
Nongo bidelariak hartzen du parte gaur egun, Mintzaneten?
Une honetan, parte hartzen dutenen %20a atzerrian dago. Lan kontuengatik kanpora joan den jendea dago edo arbasoak euskaldunak izanda, euskara ikasi nahi duten pertsonak. Argentina edo Txileko bidelariak ditugu, adibidez, bere jatorriko herriarekin lotura hori mantendu nahi dutenak eta euskara dutenak horretarako bidea.
Bidelariaren profila zein da?
Gehienbat emakumeak dira, %60 gutxi gorabehera. Adinari dagokionez ez dago profil jakin bat, baditugu erabiltzaileak 19 urtekoak eta baita 91 urtekoak ere. 30-40 urteren jiran ibiltzen dira gehienak, hala ere.
Zein jende mota gerturatzen da borondatez, bidelagun izateko?
Gehienbat emakumeak dira, hauek ere. 60 urte ingurukoak dira, denbora librea dute, lanetik erretiratuta daude eta laguntzeko prest agertzen dira.
Ez da baldintzarik bete behar bidelagun izateko?
Euskara ongi menperatu behar da. Ez dugu titulurik eskatzen. Ez da frogatu behar gaitasunik. Baditugu, bidelagunak 90 urtekoak eta horiek nahiz eta titulurik izan ez, primeran dakite euskaraz.
Jende gutxiago animatzen da bidelagun izateko?
Zailagoa da bai bidelagunak bilatzea. Norberak bere agenda du eta bere zereginak. Tarte bat ateratzea besteei laguntzeko zaila da. Baina guk animatu nahi ditugu herritarrak. Aski da gure webgunean sartzea, www.mintzanet.net helbidean.
Zuen lana, bidelari eta bidelagunak gurutzatzea da. Zein irizpide erabiltzen duzue horretarako?
Printzipioz, jendeak eskatzen dizkigunak betetzen saiatzen gara. Irizpide nagusia ordutegiarena da. Hortik aurrera, beste era bateko baldintzak badaude, apeta horiek betetzen saiatzen gara. Atzerriko norbaitekin hitz egitea nahi badu norbaitek, edo bere adineko norbaitekin, eskakizunak betetzeko prest gaude gu.
Zein baldintza tekniko behar ditugu egitasmoan parte hartzeko?
Mintzaneten egiten duguna da saioak internet bidez antolatzea. Ordenagailu bat eta interneta behar izaten da. Skype bitartez egiten ditugu elkarrizketak eta programa hori doan deskargatu daiteke. Horrekin nahikoa da.
'Mintzanet, bere ahotan' atala ikusi dugu zuen webgunean. Zer da hori?
Saiatzen gara, ahalik eta leku gehienetan azaltzen zer den Mintzanet. Baina egokien esplikatzen dutenak, bertan parte hartzen dutenak dira. Atal horretan, bidelariak eta bidelagunak azaltzen dira euren esperientzia azalduz. Iritziak, zalantzak eta iradokizunak jasotzen ditugu, erabiltzaileen asetasun maila ikusteko. Fisikoki, argazki eta bideoekin, eta testuen bidez, proiektua nola jasotzen duten ikus dezakegu.
Kontentu agertzen al dira parte hartzaileak?
Oso harreman berezia dute bidelariekin. Batzuk lagun bihurtzen dira. Normalean, astean behin edo hilean bitan hitz egiten dute eta horrek harremana sortzen du, harreman polita. Bidelagunek sentitzen dute, laguntzen ari direla eta ikusten dute nola ari den aurreratzen beste pertsona. Bidelariek salto handia egiten dute hitz egiterako orduan. Ikusten dute ahaleginak merezi duela eta fruituak ikusten dituzte.
Gero elkar ezagutzen al dute?
Bai. Zenbait kasutan, bikoteak geratu izan dira. Azkenean, harremana interneten egin arren, gogoa sortzen zaie elkar ikusteko. Gertu bizi badira, zitak egiten dituzte, kafea hartzeko edo elkarrekin erakusketa bat ikusteko. Atzerrian bizi diren bidelariek, Eguberrietan edo oporretan Euskal Herria bisitatzen badute, tarte bat hartzen dute bidelagunarekin egoteko. Beti ez, baina hainbat kasutan aurrez aurre ezagutzen dute elkar.
Parte hartzea doakoa da. Beraz, nola sostengatzen da proiektua?
Une honetan, Eusko Jaurlaritzatik, Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Donostiako Udaletik laguntzak jasotzen ditu. Gainerako partea, Maramara enpresak jartzen du. Lau hanka horiekin ateratzen da aurrera Mintzanet.
Nola animatuko zenituzte herritarrak?
Denbora apur bat izan, laguntzeko prest egon eta euskaraz ondo jakinez gero, edo norbaitek bere euskara maila hobetu nahi badu izena eman dezala Mintzaneten; proba dezala eta ikus dezala nola funtzionatzen duen eta gero erabaki dezala. Orain arte parte hartu izan duen jendea oso pozik dago, ikusi besterik ez dago gure webgunean bildu ditugun esperientziak. Beti da interesgarria norbaiti laguntzea eta baita laguntza jasotzea ere.