Alegiatik Getxora, Getxotik Alegiara, klik batean

Jon Miranda Labaien 2016ko urr. 17a, 08:30

«Euskararen bizitza ziurtatzeko eta euskarari bizia emateko» asmoz hartzen du parte Eduardo Arrayetek (Alegia, 1949) Mintzanet egitasmoan. Duela bi urtetik hona, bidelagun bezala aritzen da.

Filosofia irakasle bezala jardun du urteetan Arrayetek eta orain erretiroa hartuta dago. Herri Ardularitzaren Euskal Erakundeak, IVAPek argitaratzen duen aldizkarian jaso zuen egitasmoaren berri. «Euskaldun zaharra izanik, euskaldun berriei laguntzeko neure burua prest agertu nuen. Beti izan dut gainera euskarekiko kezka, txikitatik, eta orain ere bai, noski». Mezua idatzi eta bidelari bat ipini zioten: Jabier Royo getxoztarra. Ordutik berarekin dabil euskararen bidea egiten.

«Nire adin bertsukoa da eta erretiratuta dago ni bezalaxe. Gauza bitxia da niretzat, baina kontatu dit bere aitak eta amak, biek zekitela euskaraz, baina seme-alabei ez zietela erakutsi. Azkoitia aldean bizi omen ziren eta gero joan omen ziren Bilbo ingurura, Lezamara bizitzera. Inguruneak asko laguntzen ez zuela-eta, ez zieten ondorengoei euskara transmititu. Gerra ondorengo kontuak dira horiek», dio Arrayetek.

Royok euskara maila txukuna duela dio bere bidelagunak: «Euskaltegian aritu izan da, baina momentu honetan ez da joaten. Urtero gauza berbera egiten dutela eta ez duela aurrera egiten, aspertu egiten dela esaten dit. Horregatik utzi zuela». Sumatzen zaio zailtasunak dituela, hitz batzuk ahazten zaizkiola batzuetan, baina hori «normala» dela dio alegiarrak, «hori bai, geroz eta erraztasun gehiagorekin ari da, eta txundituta uzten nau batzuetan botatzen dituen aditzekin».

Arrayet euskaldun zaharra da eta alfabetatuta dago. «Baina aspaldi galduta daukat, neroni ere galtzen naiz aditz batzuetan». Gai da ordea, bere bidelariak agertzen dizkion zalantza gramatikalak argitzeko: «Ahal den neurrian erantzuten saiatzen naiz. Berak, ordea, askotan esaten dit gutxi erabiltzen badira, zergatik ikasi behar ote dituen berak aditz horiek».

Ondo moldatzen dira elkarrekin bidelaria eta bidelaguna. Hasiera batean, astelehenetan, iluntzeko 20:00etan egiten zuten ordu erdirako hitzordua, Skype bidez. «Ia-ia hasieratik ordubetera pasa genuen saioa eta 21:00ak arte jarduten gara. Oso erraz pasatzen zaigu denbora». Mintzaneteko koordinatzaileek gai zerrenda bat bidaltzen dute, proposamen gisa, solaskideek elkarrizketari nondik heldu izan dezaten. «Guk ez dugu horren beharrik izaten. Naturalki hasten gara eta berehala pasatzen zaigu ordubetea. Edozer gauzaz hitz egiten dugu. Bera aeromodelismo zalea da eta erakutsi izan dizkit bere lanak Skype bitartez. Ni argazkizalea naiz eta horri buruz hitz egiten diot, maiz. Familia, oporrak eta beste gauza asko aipatzen ditugu».

Uda partean eten bat egiten dute bi lagunek. Oporraldiak kanpoan ematen dituzte eta horrelakoetan konexio txarrak izaten dira eta zaildu egiten da hartu-emana. «Hala ere, nik Alemanian egonaldiak egiten ditut. Hango lagunekin nagoela konektatu izan naiz eta normal-normal egin izan dugu saioa».

Arrayetek eta Royok ez dituzte elkarrizketak, soilik, internet bidez eduki. Aurrez aurre elkar ezagutu zuten aurreko maiatzaren 25ean. «Getxora gonbidatu ninduen Jabierrek eta hango parajeak erakutsi zizkidan. Egun pasa polita egin genuen, eguraldia lagun. Oso gustura geratu nintzen». Oraingoz ez dio bisita itzuli, baina Alegiara etortzekotan da bidelaria, aurki.

Eskualdeko herritarrak animatu nahi ditu Arrayetek bidelagun izan daitezen. «Ez dago alfabetatua izan beharrik, nahikoa da euskara ondo menderatzearekin». Jende beharra dago bidelagun izateko eta horrelakoetan egitasmotik bidaltzen dizkioten e-mailak berbidaltzen dizkie lagunei, «baina ez dut uste arrakasta handia izan dudanik».

Konpromiso horrekin jarraitzeko asmoa agertu du Alegiako bidelagunak, «orain lanpetuta nabil baina urte berritik aurrera, beste bidelari bat hartzekotan naiz. Jende beharra dagoen bitartean nik ahalegina egingo dut». Euskarari bizia emateko ahalegina.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!