Gael-eko haurrak, Lloretera

Asier Imaz 2016ko urriaren 5a

Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futbol Gael Elkarteak, urriaren 8an eta 9an Lloret de Mar-en areto futbol txapelketa jokatuko du. Bertara, kadeteak, infantil-kadete mistoak, infantilak eta alebinak joango dira. 

Aurten munduko txapelketa ez da jokatuko, eta bere lekuan, Lloreterako gonbidapena jaso dute.
Txapelketa horrekin emango diote denboraldiari hasiera Gael-ekoek, izan ere, ondoren hasiko dira liga jokatzen. Aurten benjaminak, alebinak, infantilak eta kadeteak izango dira. Izena emateko aukera oraindik zabalik dagoela esan dute, eta horretarako deialdia luzatu dute. Seniorren taldea izatea ere gustatuko litzaieke. «Aurten Betelu sartu da, hau da, talde nafar bat. Helburua bide horretatik joatea da, eta Euskal Herri guztian zabaltzea. Herri txikiek hor badaukagu aukera bat, baita gero kanpora txapelketak jokatzera joatekoa ere, Euskal Herria ordezkatuz».


Azkenik, abenduko txapelketaren antolaketarekin jarraitzen dutela esan dute elkarteko arduradunek. Iaz Lizartzan izan zen txapelketa, eta aurten Saharako taldea ekartzea dute helburu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!