Jon Ander Peñak eta Jon Erasunek bi urterako sinatu dute Asegarcerekin

Ataria 2016ko ira. 9a, 14:11

Jon Ander Peña eta Jon Erasun, Asegarceko kamisetarekin.

Peña aurrelari tolosarrak aurrekontratu bat zuen martxotik pilota enpresarekin. Erasun atzelari zizurkildarrak ez zuen aurrekontraturik eta aste honetan adostu du enpresarekin hitzarmena.

Bi pilotari profesional berri izango dira eskualdean urritik aurrera: Jon Ander Peña (Tolosa, 1997) eta Jon Erasun (Zizurkil, 1996). Debutaren eguna ez dago zehaztuta, baina urrian zehar Tolosako Beotibar pilotalekuan izango dira bakoitzaren lehen partidak profesional mailan.

Jon Ander Peñak aurrekontratua zuen martxotik, baina kontratuarena egitea aste honetako kontua izan dela esan du aurrelari tolosarrak: "Ezusteko handia izan da. Aste honetan hitz egin dugu". Txikitatik duen ametsa bete duela dio Peñak: "Txikitatik ari zara jolasten pilotan eta beti amestu izan duzu noizbait profesionaletara iristea. Hankak lurrean jarrita pentsatu behar da beste abiadura bat dela, beste aurkari batzuk direla, eta ez dela gauza erraza leku bat egitea profesionaletan". "Oso gustura" dagoela dio Peñak eta orain "pixkana hasiko gara prestatzen beste maila batean jokatzeko". Afizionatu mailan partida batzuk ditu oraindik tolosarrak, baina denak ez ditu jokatuko tolosarrak. Hori bai, gaur bertan Lezamako txapelketaren finala jokatuko du Zabalarekin batera Etxebarria eta Martinezen aurka. Aurten Tolosako Lau t'erdiko txapelketan finalista izan da eta Burlatan txapela lortu du.

Aste honetan ere jakin du Jon Erasunek Asegarceren asmoen berri: "Dena azkar izan da, astebeteko kontua izan da. Aukera etorri zaigu eta aprobetxatzen saiatuko gara". Tarteka entrenatzen zuen Asegarcerekin, baina ez zuen aurrekontraturik. "Pilotan ibiltzen garen guztiok nahi izaten dugu profesionaletara iristea, horretarako entrenatzen ginen", esan du zizurkildarrak. "Esaten zen atzelarien falta zegoela, eta zerbait izatekotan urtea bukatu baino lehen izango zela, baiezkoa edo ezezkoa. Eta azkenean baiezkoa izan da". Ez du helburu jakinik etapa berri honetan Erasunek: "Saiatuko naiz entrenatzen ahal dudan ondoen eta gero ikusiko da noraino iristeko ahalmena dudan". Aurten Zumarragako Goñi Memorialean txapela jantzi zuen elite mailan, eta baita Aspek eta Asegarcek antolatutako ETB txapelketan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!