Zaintzaileentzako Laguntza Taldea martxan da Aiztondon

Jon Miranda 2016ko ira. 8a, 10:45

Aduna, Alkiza, Larraul eta Zizurkilgo zaintzaileentzat, martxoan abiatutako ekimenarekin jarraituko dute irailaren 12tik aurrera, Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean.

2013an zaintzaileen eta zaintzaren inguruan Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak egindako diagnostikoaren ondorioz sortu zen Zaintzaileak zainduz programa eta gaixotasunen bat duten Aduna, Alkiza, Larraul eta Zizurkilgo herritarren zaintzaileei eskaintzen die zerbitzua.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Sendian programa du martxan 2008tik. Bertatik bideratzen dira, zaintzaileentzako prestakuntza kurtsoak, laguntza psikologikoa eta laguntza taldeak.

2013an egindako diagnosiaren ondorioak eta Sendian programak eskaintzen dituen baliabideak uztartuz, Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak azken urteetan hainbat ekimen jarri ditu martxan eskualdeko zaintzaileen beharrei egokituta. Aurtengo martxoan Laguntza Taldeari hasiera eman zitzaion, «mendekotasuna duten pertsonen familiako zaintzaileei biltzeko gune bat eskainiz, adierazitako beharrak asetzeko eta azaldutako nahiak eskuratzeko», aipatu du Lurdes Uzkudun Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte langileak. Ikasturte berriari irailaren 12an, astelehenean, emango zaio hasiera. Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean bilduko dira, 16:30etik 17:45era. Hamabostean behin egingo dituzte bilerak, hileko bigarren eta laugarren astelehenetan.

ESPAZIO SEGURUA

«Konpromisorik gabe» eta «konfidentzialtasun osoz» profesional eta taldekideen babesa jasotzeko gune bezala definitu dute Laguntza Taldea Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitatetik. «Espazio seguru gisa». Abian jarri zenetik mendekotasuna duten pertsonen zaintza, emozioen kudeaketa, agresibitatea eta deanbulazioa bezalako gaiak jorratu dituzte eta oro har, bizipenak konpartitu dituzte.

Izan ere, laguntza taldearen helburuetako bat zaintzaileen arteko sareak sortzea da. «Konfiantzazko espazio horretan, zaintzaileek jabekuntza prozesu bat daramate eta auto-estimua landu dezakete. Beren burua zaintzeko gune bat ere bada taldea», dio Uzkudunek. Sendian programako baliabideak kudeatzeaz arduratzen den Matia fundazioko teknikari batek egiten ditu Laguntza Taldeko dinamizazio lanak.

Ikasturte berrian, parte hartzaileek zaintzarekin loturiko baliabideen inguruan izan beharreko informazio guztia jasotzeko aukera izango dute eta besteak beste, zaintza genero ikuspuntutik ere landuko dute.

Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak Aduna, Alkiza, Larraul eta Zizurkilgo zaintzaileei zabaldu die Laguntza Taldean parte hartzeko aukera. Informazio gehiago nahi duenak, 943 69 39 30ra hots egin dezake.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!