Portaera arazoei nola aurre egin ikasteko

Jon Miranda 2016ko irailaren 7a

Pertsona nagusietan izaten diren portaera arazoen inguruko teoriak eta aurre egiteko moduak aztertuko dituzte irailaren 20an, 22an eta 28an, Adunako kultur aretoan.

Lahar esku-hartze psikosozialerako elkarteak eskainiko du hiru egunetan, 16:30etik 19:45era, Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak martxan duen Zaintzaileak Zainduz programaren barruan.

Ikastaroan dementzia mota ezberdinak aztertuko dituzte eta sintomak zeintzuk diren azaldu. Giza jokaera eta ikuspegi konduktuala ere landuko dute eta jokaera arazo zehatzen aurrean, egoera horiek saihestu eta murrizteko moduak eta protokoloak jorratuko dituzte.

Erasokortasuna, jokaera depresiboak, agitazioa eta antsietatea, noraezeko ibilerak eta eldarnioak izan daitezke dementzia dutenek bizi izan ditzaketen egoerak eta ikastaroan horiei nola aurre egin irakatsiko dute. Suertatu daitezkeen bestelako arazo egoeren aurrean nola jokatu ere aztertuko dute.

Aduna, Alkiza, Larraul eta Zizurkilen mendekotasuna duten pertsonen zaintzaile guztiei zuzenduta dago ikastaroa eta informazio gehiagorako Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitatera hots egin beharko da, 943 69 39 30 telefono zenbakira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!