Igandea, beste zerotik haste bat

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko irailaren 6a

Argazkia: Lide Ferreira / IRUTXULOKO HITZA

Kontxako lehen jardunaldiak ez du ezertxo ere erabaki, bigarren igandera begira; San Juan, Orio eta Hondarribiako arraunlariek aukera garbiak dituzte bandera eskuratzeko.

Ikusleek maite dituzte aurtengoa bezalakoak. Zale sutsuenek eta arraunlariek, ordea, ez hainbeste; ez, behintzat, faboritoen kasuan. Lehen jardunaldiko lanak amaituta, ez da erraza 2016ko banderetarako pronostiko ziurrik ematea, eta datorren igandean ere, ia zerotik hasi beharra ekarriko du horrek, badiara.

Egia da faboritoek ez dutela hutsik egin, eta, egia da, hain faborito ez ziren zenbaitek ere ezusteko galanta eman dutela.

Baina, zenbakiei begira jarriz gero, Irati Larrañaga eta Nerea Perez dira oihal preziatua eskuarekin ukitzea gertuen duten Tolosaldeko arraunlariak. San Juaneko Batelerak ontziak 10:39ko denbora behar izan zuen bi luzeak osatzeko, eta inork ezin izan zuen jarduna arinago biribildu.

Espero baino gertuago izan zituzten, ordea, Txiki traineruko arraunlariak, hirugarren postua eskuratuz. Bertan ziren Myriam Aizpurua eta Ohiane Iraola, akaso, denboraldiko estropadarik onena osatzen; 10:43ko kronoarekin, badute ametsari heltzeko nahikoa arrazoi. Hibaikarekin batera, hiru traineru ia hiru segundoan; hori dute arraunaren olinpiar jokoek.

TARTEA IA HUTSALA DENEAN

Gizonezkoen kasuan, badirudi banderarako hautagaiak bi baino ez direla, ia hutsala baita Urdaibairen eta Hondarribiaren arteko aldea; bi segundo ere ez.

Iñigo Jauregi eta Jon Lizarraldek bandera beste behin ukitzeko aukera garbia dute eta, beren denboraldiaren distirari begiratuta, inor gutxi harrituko litzateke Ama Guadalupekoaren garaipenarekin.

Aurreikuspenek diote itsasoa dantzarako gogoz izango dela igandean, eta bi metrora ere iritsiko omen dira olatuak. Ikusleak pozarren izango dira; zaleak eta kirolariak, ikusi egin behar.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!