Txapel berdinduena, gipuzkoarren buruan

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko ira. 5a, 16:23

Gipuzkoak irabazi du Zazpi herrialdeen arteko herri kirol txapelketa, besteak beste, Xanti Aizpurua tolosarrak trontzan eskuratutako garaipenari esker.

Donostiako Saguesen hitzordu tentagarria izan zuten, larunbatean, herri kirol zaleek. Zazpi herrialdeetako kirolariek bat egin zuten hainbat diziplinaren artean ikuskizuna eskaintzeko, eta eskaini zuten, baita eskaini ere: berdinduenetan berdinduena izan zen norgehiagoka, Gipuzkoa eta Bizkaiaren artean, eta gipuzkoarren irabazi zuten azkenean.


Lehen eta bigarren postu kopurutan berdinketa izan zenez, hirugarren postu kopuruak erabaki zuen irabazlea. Tolosaldeko kirolariek ere jarri zuten beren alea zazpi herrialdeetakoan. Eneko Garmendia hirugarren izan zen lokotx biltzean, 6 minutu eta 39 segundotan lanak amaituta. Zaku eramatean, berriz, Lander Otermin hirukoteko kide izan zen, eta hirugarren sailkatu ziren haiek ere, minutu eta 50 segundoko denborarekin. Sokatiran Ibarrak ordezkatu zuen Gipuzkoa, eta podiumeko koskarik  baxuenera iristea lortu zuten.


Xanti Aizpurua tolosarra izan zen bere jardunean txapela janzteko aukera izan zuena. Barberena anai nafarrak faborito argiak ziren proba hasi baino lehen, astebete lehenago Euskal Herriko txapela irabazita, baina Xanti Aizpuruak eta Igor Esnaolak ezustekoa eman eta garaipenari heltzea lortu zuten; 2 minutu eta 2 segundo behar izan zituzten lanak amaitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!