Euskal kausaren aldeko gudariak

Jon Miranda Labaien 2016ko uzt. 28a, 08:00

Azpeitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak omendu dituzte 1936an Azpeitiko Defentsa Batzordean parte hartu zuten gudariak.

«Entzun, Sepharad: gizonek ezin dute izan / libreak izan ezik. / Jakin dezala Sepharadek ezinen dugula izan / libreak izan ezik». Salvador SpriurenZezen larrua poemaren pasarte hori katalanez irakurri zuen ostiralean Nuria Alberdik. Beste hainbat gudarirekin batera bere aitona zena omentzeko ekitaldia antolatu zuten Azpeitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak.

Mikel Alberdi Pinotxo tolosarra Bidanian hil zen 1936ko abuztuaren 15ean eta bera izan zen borrokan erori zen Azpeitiko Defentsa Batzordeko lehen kidea. Alberdik bezala, 1.280 boluntariok eman zuten izena komandantziako gerra batzordean eta kolpistek izan zuten aurrerapenari eusteko helburua. Candido Saseta komandantearen esanetara jarri ziren zerbitzu militarra egin gabe zuten gazteak, ia prestakuntza eta bitartekorik gabe. «Demokrazia eta errepublikaren alde eta diktadura eta faxismoaren aurka» borrokatu zuten, baina batez ere, euskal kausaren defentsan.

Duela 80 urte, 1936ko uztailaren 18an, Espainiako armadaren zati batek egin zuen bigarren errepublikaren aurkako estatu kolpea. Ofizial monarkikoek eta erreakzionarioek bultzatutako estatu kolpeak huts egin zuen baina gerra zibila deitu zitzaion gatazka armatua eragin zuen. Lizarratik abiatu zen Arapiles erreketeen batailoia, eta berehala egin zuen Gipuzkoarako bidea. Oria ibaian aurrera jarraitu zuen eta abuztuaren 11n Tolosa hartu zuen, Cayuela teniente koronelak zuzenduta.

Abuztuaren 5aren inguruan Loiolan bildu ziren Gipuzkoako erakunde nazionalista ugarietako arduradunak: EAJ, EAE-ANV, Jagi-Jagi, ELA-STV eta Euskal Nekazarien Batzarreko kideak. Azpeitiako Defentsa Batzordea edo komandantzia eratu zuten, euskal gudarostearen ernamuina izango zena. Batzordeko goi kargudunen artean zeuden Telesforo Monzon, Salbador Aranburu, Migel Jose Garmendia, Lino de Lazkano, Tomas Mitxelena eta Mikel Alberdi.

Hain zuzen, Alberdi izan zen Eusko Gudarosteko lehen hildakoa. Nuria Alberdi bere bilobak gogoratu zuen ostiralean: «Egun hartan, Mikelek ihes egin zuen frontetik bere emaztearekin eta seme jaioberriarekin egoteko. Bere postura itzuli zenean, Bidaniko baserria erreketeen esku geratu zela konturatu zen. 300 mendigoizale zuzendu ziztuen, eta borrokan hil zen 29 urte baino ez zituela». Jagi-Jagi EAJ alderditik bereizitako talde abertzale independentistako kidea zen Alberdi eta Espainiako gerran parte hartzearen aurkakoak ziren bere taldekide gehienak. Hala ere, Azpeitiko Defentsa Batzordean izena emateko erabakia hartu zuen eta bertan hil zen. «Nire amonak bakarrik hazi behar izan zuen bere semea, eta ez zuen aitaren aldeko aitonaren babesik izan. Gerra ostean, Tolosako alkate izendatu zuten Eusebio Alberdi Mikelen aita. Bere anaia Patxi, berriz, Burgosen espetxeratu zuren komunista izateagatik eta ondoren, Errusia eta Kuban erbesteratu zen».

Hernioren magal batean, Bidaniko frontean, hil zen Mikel Alberdi. Gipuzkoako sektore zentrala babestu zuen Azpeitiko komandantziak, mendebaldetik Debaraino eta ekialdetik Oria ibaiko ezkerraldeko bazterra arte. Sasetak defentsa sistema eredugarria antolatu zuen Andazarratetik Belkoain bitartean, Asteasu, Zizurkil eta Adunako mendietan. Han eraikitako lubakiak aztertzen jardun du azken lau urteetan Aranzadi zientzia elkarteak hiru herrietako udalen laguntzarekin.

Sistema eraginkor horri esker galarazi zuten tropa frankistek Gipuzkoako kostalderantz aurrera egitea eta hilabetez eutsi zioten abertzaleek. Zarateko Bentan (Zizurkil) finkatu zuen Azpeitiko komandantziak inguruko aginte kuartela eta erreketeen tropen hainbat eraso eragotzi zituzten. Borrokaldi horietan hil ziren, esate baterako, Floren Zubiaur eta Jose Arana Irastorza ELA-STV eta EAE-ANVko militanteak, hurrenez hurren.

Aurreko ostiralean omendu zituzten Jose Joakin Egaña Uriarekin batera. EAJko kidea zen Egaña azkoitiarra eta Asteasuko Santamaña ermita inguruan izandako borroka batean zauritu zuten irailaren 2an; handik hiru egunetara kontatu zuten garaiko egunkariek. Xabier Elortza haren ilobetako batek hitz egin zuen ostiraleko ekitaldian: «Euzkadi egunkarian mendigoizale adoretsu eta ausartzat jo zuten eta Azkoitiko parrokian egin zitzaion hileta elizkizuna agertu zen. Zoritxarrez, hor bukatu ziren gure osaba zenarekiko elkartasun mezuak. Berehala urte beltz eta gogorrak etorri ziren: umiliazioa, zokoratzea eta arpilaketak pairatu behar izan zituen familiak». Egañaren ondorengoek urte batzuk beranduago jakin zuten lur eman ziotela hilerrian eta apaizaren bedeinkazioarekin; ustez, Larraulgo plazan eta beste bi gudarirekin batera.

«Iraun egin zuten. Hobeto prestatuta zegoen eta borrokalari gehiago zituen ejerzito baten aurka borrokatu zuten. Mendiko gerrilla praktikatu zuten; gerora, 50ko eta 60ko hamarkadetan, hainbat askapen mugimenduk erabili zuten borroka molde hori Afrikan eta Latinoamerikan», adierazi du Jabi Buces Aranzadi zientzia elkarteko ikerlariak. Azpeitiko komandantzian izena eman zuten boluntario horien izen-abizenak arakatzen dihardu Karlos Almorza amasarrarekin batera. Artxibo lokalak eta militarrak ikertzen ari dira izen horiek «ahanzturatik ateratzeko eta faxismoaren aurkako gerra galdu zutenen duintasuna berreskuratzeko».

Udazkenerako liburua kaleratzea espero du Aranzadi zientzia elkarteak. Bucesek zuzendu du eta Azpeitiko Udalaren laguntza izan du. Ordurako egongo da kalean Aduna, Zizurkil eta Asteasuko udalek lagundutako liburua. Karlos Almorzak osatu du eta 36ko uztailean, abuztuan eta irailean gure eskualdean gertatutakoa jasoko du.

Loiolako basilika parean egin zuten ekitaldia gudariak omentzeko. Ikurria haizatu, haritza landatu eta oroitarria jarri zuten. Lore eskaintza egin zuten bertaratutakoek hildako gudari hauek gogoan hartzeko. Tartean izan ziren Olatz Peon Tolosako alkatea eta Joxe Erramun Goikoetxea Bidania-Goiatzeko alkatea. Abertzale haiek, ahaztuta gera ez daitezen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!