Aldasoro tolosarra, lehen jaurlaritzan

Jon Miranda Labaien 2016ko uzt. 28a, 08:00

Espainiako bigarren errepublika garaian, politikari askoren jaioterri eta bizileku izan zen Tolosa. Ramon Bandres , Luis Castro eta Ramon Aldasoro Nafarroako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gobernadore zibilak izan ziren 1931tik 1936ra bitarteko epealdiko uneren batean.

Eneko Etxeberria Azpeitiako alkateak ostiralean nabarmendu zuenez, «36ko abuztuan ez zegoen Eusko Jaurlaritza edo halakorik antolatuta eta frankistek uste zuten hemengo bidea paseo bat izango zela. Baina abertzaleak batu egin ziren eta aurre egin zieten kolpistei. Euskal gudarosteak eutsi ziolako osatu ahal izan zen 36ko urrian lehen jaurlaritza».

Lehenago, irailean, Manuel Irujo, EAJko diputatu gisa, Largo Caballero sozialistaren gobernuan sailik gabeko ministro izendatu zuten, Estatutua onartua izan zedin. Urriaren 7an, lehendakaria hautatzeko hauteskundeak egin ziren Bilbon. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zinegotziek bozkatu eta Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakari aukeratu zuten aho batez. Egun hartan bertan, karguaren zina egin zuen Gernikako juntetxean, arbolaren azpian. Berekin batera, merkataritza eta hornikuntza sailburu kargua hartu zuen Ramon Maria Aldasorok (Tolosa, 1897 - Habana, 1952).

Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitzak eta Galtzaundik kaleratutako 1936ko gerrako oroitzapenak liburuan Mikel Errazkin historialari anoetarrak gogoratzen duenez, talde politiko eta errepublikazale zenbaitetako afiliatua eta militantea izan zen Aldasoro eta beranduago, Manuel Azañak sortutako Izquierda Republicana alderdian izena eman zuen. 1931n errepublika proklamatu eta hiru egunera Gipuzkoako gobernadore zibil izendatu zuten. Karguan zela, Luis Castro tolosarra presidente izango zuen Gipuzkoako Aldundiko gestora batzordea eraikitzea egokitu zitzaion eta koalizio errepublikar-sozialistako kide bezala, Madrilgo gorteetarako diputatu izendatu zuten.

1936ko uztailaren 18an Aldasororen bitartekaritzari esker, Mola generalak altxamenduarekin bat egiteko emandako aginduari muzin egin zion Bizkaiko gobernadore militarrak, Etxeberria Noboak. Handik gutxira eratu zen Bizkaiko Defentsa batzordea eta bertako kide izatera pasa zen tolosarra.

«Aldasoro´tar Erraimunda Mirenak egin dituen lanak sarigarriak direla-ta, Euzkadiko bitarteko-jaurlaritzaren salerosketa eta eraman-ekarri zaingoaren burukide izendatu det». Jose Antonio Agirreren hitzak dira, 1936ko urriaren 8an, lehen Eusko Jaurlaritza eratu zen egunean. Gobernu autonomoa euskal bizitzaren iparrorratz bilakatu zen maila guztietan, baita gerra aferetan ere. Beraz, Aldasorok zuzentzen zituen merkataritza eta horniketa arloek garrantzia handia izan zuten une horretan.

1937ko ekainean Bilbo faxisten esku geratu ondoren, erbesterako bidea hartu zuen jaurlaritzak. Hego Amerikako euskal ordezkaritzaren arduradun jarri zuen Agirrek eta euskal gobernuaren izenean jardun zuen hainbat estatutan. Bihotzeko baten eraginez hil zen 1952an, bakardadean. Bizitzaren paradoxa: gobernadore zibil zela Aldasororen aginduz atxilotu zuten Juan Astigarribia komunistak gerora jaurlaritzan sailburu izan zenak zaindu eta ehortzi zuen Habanako Laurac-Bat panteoian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!