Zarate, muga baino bilkura

A. Urkola/I. Otaegi 2016ko uzt. 13a, 12:22

Asteartean egin zuten 'Azken Muga' proiektuaren lehen emanaldia, Zaraten. Jende andana bildu zen proiektuaren ikur bihurtu den aulki erraldoiaren bueltan, eta ekitaldia egin zuten Azkarateren eta Bedaioren arteko mugan.

18:00etan elkartu ziren Azkaraten; 40 pertsona inguru bildu ziren Azkarateko magalean, eta Zaraterako bidea hartu zuten. Paisaia ederraz gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek, Euskal Herri berdearen eta hezearen erakusleihoa baitzen lekua. Paisaiaz bakarrik ez, egitasmoaren bultzatzaile diren artisten eskulturak ere ikus zitezkeen bidean.

25 minutuko txangoaren ostean agertu zen aulki handia, proiektuaren ikur bihurtu den aulki erraldoia: "Ara, ailegatu gara Zaratera. Hemen izango da ekitaldia!", esan zuen bertaratutako batek. 

Jende ugari zegoen dagoeneko; gutxi batzuk autoan igotakoak, besteak Azkaratetik oinez etorritakoak, eta gainontzekoak Bedaiotik igotakoak. 19:00etan hasi zen emanaldi xume bezain polita; Alurr Dantza Taldeko bi kidek Agurra dantzatu zuten eta Alegiako Txintxarri Abesbatzako kideek Txoriak txori, Xalbadorren heriotzean eta Bagare abestiak kantatu zituzten; Oskar Estanga eta Bixente Gorostidi bertsolariek bertsoak abestu zituzten ondoren, eta emanaldiari amaiera emateko Rexuk fandangoa eta arin-arina dantzatu zituen aulkiaren gainean. Albokaren doinuek girotu zuten Zarate.

Emanaldia eta gero, janaren eta edanaren bueltan elkartu ziren bertaratutakoak. Aspaldiko kontuak, pasadizoak...izan zuten zer esan eta zer kontatu elkarri. Miguel Zeberio ekimenaren bultzatzaileeko batek esan zuen moduan,"garai batean herrien artean zegoen giroa eta harremana berreskuratzea da egitasmoaren helburuetako bat". Eta atzo horrela izan zen; izan ere, muga baino gehiago, nafarren eta gipuzkoarren bilkura bihurtu zen atzo Zarateko arbolpea.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!