Zarate, muga izatetik topagune bihurtzera

Imanol Garcia Landa 2016ko uzt. 6a, 10:39

Gaur Tolosan aurkeztuko dute egitasmoa, eta hainbat egun daramatza aulki erraldoiak, Trianguloa plazan.

Azken Muga egitasmoa aurkeztuko dute, gaur, Tolosan; Bedaio eta Azkarate arteko Zarate gunea kulturaren espazio bilakatuko dute udan

Egurrezko aulki erraldoi bat herriz herri ibili da azken asteotan, Azken Muga egitasmoaren ikur moduan. Alegian, Amezketan, Altzon izan da, eta aste honetan Tolosako Trianguloa plazan ikus daiteke. Gaur egingo dute proiektuaren aurkezpena, bertan, 19:00etan hasita, aulkiaren inguruan. Guillermo Olmo artista da Azken Muga egitasmoaren bultzatzaileetako bat, eta aulkiarekin sortu nahi dutena azaldu du: «Aulkia elkartzeko elementu bat da, eta herrietara eraman dugu jendea egitasmoaren inguruan biltzeko».

Betelun eta Azkaraten ere izan da aulki hori. Izan ere, Azken Muga egitasmoaren kokalekua Zarate da, Tolosako Bedaio auzoaren eta Azkarateren arteko muga. «Egitasmoaren asmoa da bi alde horiek elkartzea, aspaldi nahiko elkartuta baitzeuden. Gaur egun, baina, Gipuzkoako aldea eta Nafarroako aldea bizkar emanda bizi dira, ez dago ia harremanik», esan du Olmok.

Hain justu, berreskuratuko duten ekitaldietako bat erromeria da, azkenekoz orain 90 urte inguru egin zutena. «Bi aldeak elkartzeko, festa giroko ekitaldi modura berreskuratu nahi dugu», azaldu du Olmok, «eta asmoa da erromeria hori hurrengo urteetan ere egitea. Azkenean, proiektuaren ikur moduan gera daiteke». Erromeria abuztuaren erdialdean izango da.

Hainbat artista plastikoren aldetik iritsi zen Azken Muga egitasmoaren sorrera. «Espazio ireki batean eta naturaren erdian zerbait egin nahi genuen», esan du Olmok. «Euskal Herrian ez dago ohitura handirik horrelakoak egiteko. Europan bada, uda iristerakoan, horrelakoak egiteko ohitura, batez ere iparraldeko herrietan, neguan ezin baita gauza handirik egin. Uda iristen denean erakusketa eta egitasmo ugari egiten dituzte».

Arte egitasmoa Zarateko pagadi ederren artean egitea pentsatu zuten. «Alde gipuzkoarra eta nafarra elkartzeko aukeratu genuen leku hori», azaldu du Olmok. «Ikusten genuen muga fisiko bat zegoela. Gaur egungo ohiko baliabideekin, auto batekin edo pista baten bitartez, ez dago aukerarik Bedaiotik Azkaratera joateko. Are gehiago, aspaldiko bidea galduta dago, ezin da erabili». Horren ondotik, beste hainbat egitasmo egituratzen joan dira, alde bateko eta besteko herrietako biztanleekin.

UDA GUZTIRAKO EGITARAUA

Abuztuaren erdialdera egingo den erromeriaz gain, beste hainbat ekitaldi antolatzen ari dira: zenbait herriren arteko herri kirolen desafioa, bertso egun bat, eta hainbat kontzertu ere izango dira. Egitarauari amaiera emango diote Et Incarnatus orkestraren emanaldiarekin udaren bukaeran, zehazki, irailaren 24an.

Olmok azaldu duenez, «Euskal Herrian ere ez da ohikoa diziplina anitzeko egitasmoak egitea, artea eta kontzertuak nahastuz, adibidez». Herriz herri egitasmoaren aurkezpena egin dutenean, bertako biztanleen parte hartzea eskatu dute. Altzoko bileran, esaterako, proposamen bat egin zuten ekitaldien inguruan. «Ekitaldiek B plan bat izatea proposatu zen.Eguraldi txarra eginez gero, egun horretako ekitaldia Zaraten egin beharrean herriren batean egingo litzateke, eta ekitaldia jasoko lukeen herria txandatuz joango litzateke», zehaztu du Olmok.

Egitarauari hasiera datorren asteartean emango zaio, inaugurazio ekitaldiarekin. Azkaratetik edota Bedaiotik oinez joateko azaldu dute antolatzaileek. Ekitaldi ofiziala hasi aurretik Zaraten egongo diren artelanei buruzko azalpena jaso ahalko da. Hamar bat eskultura jarrita izango dira bidean, eta Zarate inguruan dauden bi pagaditan. «Aldi baterako arte okupazioa izango da», esan du Olmok. «Bi hilabetez izango dira bertan. Gero natura lehen bezala utziko dugu».

Ondorengo artisten lanak ikusi ahalko dira: Alberto Letamendi Tolosan bizi den ordiziarra, German De los Rios bilbotarra, Idoia Elosegi tolosarra, Egoitz Iñurrita amezketarra, Arantxa Orbegozo Atallun bizi den tolosarra, Guillermo Olmo Amezketan bizi den bizkaitarra, Alex Mortolez bilbotarra, Gotzon Huegun Azkaraten bizi den lasartearra, Javier Olaizola errenteriarra eta Ramon Ruiz Cabestany.

Datorren asteartetik aurrera, beraz, erakusketa espazioa irekita egongo da egitasmoak irauten duen bitartean, eta bisita gidatuak egingo dira ostiraletan 18:00etan, larunbatetan 12:00etan eta 18:00etan, eta igandetan 12:00etan. Halaber, Zaratetxen, asteartean inauguratuko duten Iñaki Epelderen erakusketa izango da. Ostiraletan 18:00etatik 21:00etara, larunbatetan 10:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 21:00etara, eta igandetan 10:00etatik 13:00etara egongo da zabalik. Epelderen artelanak hamabost egun inguruz egongo dira ikusgai eta gero beste erakusketa batzuk jarriko dituzte Zaratetxe eraikinean.


 

INAUGURAZIOA

Uztailak 12, asteartea

18:00. Erakusketa espazio irekia zabalduko da eta Iñaki Epelderen erakusketaren inaugurazioa Zaratetxen, Azkaratetik eta Bedaioko Gurbil Haundi baserritik ibilalditxoa eginez.

19:00. Hasiera emango zaio proiektuaren egitarauari. Txalaparta eta performancea; bertsolari gipuzkoar eta nafar bana ariko dira proiektuaren berri emanez; Alegiako Txintxarri Abesbatzak abestuko du, eta Alurr Dantza Taldeko dantzari batek agurra dantzatuko du.

19:30. Txintxarri Abesbatzaren emanaldia.

20:00. Trikitiarekin eta luntxa batekin girotuko da Zarate, Azkarateko elkarteak antolatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!