Etxaburua txapeldun, Etxeberria hirugarren

Asier Imaz 2016ko ekainaren 27a

Alatzne Etxaburuak irabazi zuen igandean Gipuzkoako Azkartasuneko Sega Txapelketa. Gizonezkoetan, Jokin Etxeberria amasarra azken finalerako sailkatu zen, eta bertan, hirugarren postua eskuratu zuen.

Guztira 16 segalari aritu ziren lanean Zizurkilgo Nekola baserriko belardian. Horietatik zazpi Tolosaldekoak ziren. Ezustekorik ere izan zen. Nabarmenena Ainara Otamendik eman zuena izan zen. Gutxik espero zuten mailan ibili zen ibartarra; batetik, Irati Astondoa atzean utziz, eta bestetik, Etxaburua bera oso estu hartuz. Lehen sailean, Otamendik eta Etxaburuak parean amaitu zuten, baina txukuntasuna ere kontuan hartzen denez txapelketa honetan, zizurkildarra jarri zen aurretik. Bigarren sailean, ordea, Otamendik erakustaldia eskaini zuen, txukun eta bizkor segan eginaz. Bera izan zen onena sail horretan, Etxaburuari bi segundo ateraz. Joxe Gabirondo lagun zuela aritu zen lanean Otamendi. Pozgarria eta sega munduarentzat albiste oso ona, ibartarrak erakutsi zuen maila.


Emakumezkoak 50 metro karratuko sailetan aritu baldin baziren, gizonezkoak 100ekoan. Eta hemen, Gipuzkoako Txapelketan bezala, Julen Gabirondo nagusitu zen. Eskualdekoei dagokienez, Etxeberriaren atzetik Jokin Garmendia sailkatu zen bosgarren postuan. Baliarraindarra finaleko ateetan gelditu zen, baina Igor Esnaolaren aurretik, eta hori bada zerbait. Peio Argaia zazpigarrena izan zen; Arkaitz Arteaga hamargarren eta beti ikuskizuna ematen duen Joakin Garmendia... txapeldun.

SAILKAPENAK
Gizonezkoak
1. Julen Gabirondo     5’29”39
2. Iñigo Mercader    5’37”82
3. Jokin Etxeberria     5’47”94
4. Mikel Garaialde    5’53”89
5. Jokin Garmendia    3’08”17
6. Igor Esnaola    3’13”16
7. Peio Argaia    3’30”40
8. Jon Otegi    3’30”70
9. Andoni Urrutia    3’34”16
10. Arkaitz Arteaga    3’45”81
11. Iban Pardo    4’08”76
12. Suharri Irazustabarrena    4’09”21
13. Joakin Garmendia    5’31”91


Emakumezkoak
1. Alatzne Etxaburua      4’00’’00
2. Ainara Otamendi    4’07”47
3. Irati Astondoa    4’45”61

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!