LABek prekarietatearen aurkako mobilizazio nazionala deitu du

Ataria 2016ko mai. 17a, 17:36

Maiatzaren 28an egingo da, 17:30ean hasiko da mobilizazioa eta puntu ezberdinetatik abiatuko diren zutabeek bat egingo dute Euskadi plazan, amaierako ekitaldian. Tolosaldea-Goierri-Buruntzako LABeko delegatuek bertara joateko deia luzatu dute, Adunako Unipapelen egin duten elkarretaratzearekin.

Urrats berri bat eman eta prekarietate egoera ezberdinetan diren langileak protagonista bihurtuz burutuko du mobilizazio nazionala LAB sindikatuak. "Bizi dugun emergentzia egoerak kalean egotea eskatzen digu, gertatzen ari dena ez delako normala", dio sindikatu abertzaleak. "Ez dira normalak bizi ditugun langabezia eta pobrezia tasak, ezta lan munduan daukagun prekarietate maila".

Azken hamar urteetan, austeritate politiken eskutik, "ongizate estatua deiturikoaren zimenduak pitzatu dira, babes sozialerako mekanismoak guztiz txikituz", LAB sindikatuaren ustez. Eremu sozialean, sindikatua alternatibak saretzen jarraituko duela dio, Karta Sozialaren eskutik.

Baina lan munduan ere bide alternatiboak jorratzeko ekinbide sindikala "berritu eta egokitu" beharraz hitz egin du LABek. Lan munduak goitik behera aldatzeko proposamen zehatzak egin ditu: 1200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lan astearen aplikazioa, lan osasunerako eta euskaraz lan egiteko eskubidea eta neurri guztiak emakumeengana iristeko erabakia.

LAB sindikatuak dioenez, "patronalak ez ditu horrelako neurriak ezarri nahi. Egoeraren atzean kapitalaren zikoizkeria besterik ez dago, beste eredu bat eraikitzeko nahikoa aberastasun egon badagoelako. Kontua da aberastasun horren banaketa nola egiten den". Eremu politiko instituzionala agenda aldatzera behartu nahi du LABek, "behingoz erabaki dezan kapitalaren proiektua defendatzen jarraitu ala herritarron gehiengoaren aldeko erabaki politikoak hartu".

Aldaketa gauzatzeko, arrazoia izatea ez dela nahikoa argudiatu du sindikatu abertzaleak eta kalera atera eta mobilizatzeko deia egin du. Prekarietateak dituen milaka aurpegiak agerian utzi nahi ditu maiatzaren 28ko mobilizazioarekin: enplegatu edo langabetu, ikasle, pentsiodun, emakume, migrante, etxeko langile, lanpostuen defentsan borrokan ari diren langileak, lana galtzeko beldurra dutenak, kontratu partzialak dituztenak, behin-behineko kontratua dutenak edo kontraturik gabekoak, zaintza lanetan dihardutenak... Mobilizazio anitza eta parte hartzailea izango dela esan du LABek, Bideak batuz, Euskal Herria prekarietatearen aurka lelopean.

Tolosaldetik autobusa antolatu dute Bilbora joateko eta maiatzaren 28an, 15:30ean aterako da Usabal kiroldegitik. LABeko egoitzara hots egin beharko da izen emateko, 943 67 00 26 telefonora.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!