Urteko hitzordua museoak arakatzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mai. 13a, 11:41

Nazioarteko Museoen Eguna ospatuko dute, beste behin, Tolosaldeko museoek; sarrera doan izango da guztietan

Maiatza aurrera joan ahala, museoetako arduradunek bereziki atontzen dituzten horma eta teilatupeko objektuak, Museoen Nazioarteko Eguna behar bezala ospatzeko. Hilaren 18a da berezko efemeridea, baina egutegiaren dantzari erritmoa eutsiz, asteburu honetan bertan gala jantziz izango dira Tolosaldeko zenbait eraikin.

Tolosako museoak izango dira ospakizunei ekiten lehenak eta, bide horretan, Topic eta Gorrotxategi museoek Gau Zuria ospatuko dute. Topic zentroaren kasuan, 19:00etatik 01:00etara bitarte zabalik izango da eta, gainera, 23:00ak bitarte Tolosako Musika eskolako ikasleen musikaz gozatzeko aukera izango da, museoan ikusmiran aritzearekin batera.

Gorrotxategi museoaren kasuan, berriz, 22:30etik gauerdira bitarte zabalduko dute Letxuga kaleko txokoa, eta txokolate zuria dastagai izango da, bertaratu guztientzat.

Azkenik, Tolosaldea Tourrek antolatuta, ia tradizio bilakatu den Gau Zuriko irteera egingo dute: Tolosako Alde Zaharraren bisita gidatuaz gozatu ahal izango da, 19:00etatik 22:00etara bitarte, su-makilen argipean. Bisitan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da, 943 69 74 13 telefonoan edo tour@tolosaldea.eus helbidean.

Asteazkenean, berriz, Museoen Nazioarteko Egunean, ate irekiez gain, Gorrotxategin bisita gidatua egiteko aukera ere izango da, 10:00etatik 15:00etara bitarte.

Hurrengo asteburuan ere festa

Ospakizunak astearen erdi-erdian egokitzeak bi asteburu probesteko aukera ematen du, eta eskualdeko museoek halaxe egitea erabaki dute.

Modu horretan, Larraulgo Ekomuseoak eta Alkizako Urmara museoak maiatzaren 21 eta 22an ospatuko dute jaia.

Ekomuseoan, hilaren 21a hitzorduz josia izango da. Batetik, Karobia dokumentala estreinatuko dute eta, halaber, Garai batean Erniopean ipuin eta ilustrazio topaketa ospatuko dute, bigarrenez. Azkenik, Antton Amonarrizi eskainitako eskultura inauguratuko dute.

Alkizako Urmaran, berriz, igandez antolatuko dituzte hitzorduak, maiatzaren 22an. 11:00etatik aurrera, Koldobika Jauregiren museoko bisita gidatuaz gozatu ahal izango da, eta baita ezarri berri duten eskultura gune berri bat ezagutu ere. Halaber, Process izeneko erakusketa berria plazaratuko du artistak, egun horretan.

Alkizako Urmara museoko bisita gidatuaz nahiz erakusketa berriaren inaugurazioaz gozatzeko, erreserbak aurrez egin beharko dira, 609 46 59 42 telefono zenbakian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!