Bidania-Goiatzek eta Altzok kale, Asteasuk eta Adunak bale

Tolosaldeko Ataria 2016ko mai. 10a, 19:06

Altzotarrak Donostian

Herriarteko Pilota Txapelketako lehen fasea jokoan da. Joaneko neurketak irabazi dituzte Asteasuk eta Adunak; Altzok eta Bidania-Goiatzek, berriz, galdu egin dute. Asteburuan jokatuko dira itzulerako jardunaldiak.

Adunak eta Altzok eskuzko Herriarteko Pilota Txapelketan lehen aldiz parte hartu dute. Biek ala biek, etxetik kanpo jokatu zituzten partidak, eta aurkia eta ifrentzua izan dute lehen jardunaldian. Adunarrek Lezo hartu zuten mendean, eta altzotarrek, berriz, ezin izan zuten Donostiaren aurka.

Aduna
Hiru partidak irabazi zituen Lezoren aurka. Kadete mailan, Iurgi Mujika eta Aitor Zabalak 8-22 irabazi zuten; jubenilen mailakoan, Yerai Arruti eta Irazu 5-22 nagusitu ziren; nagusien neurketan, berriz, Iker Iraola eta Jon Otaegi gailendu ziren, 12-22. 

Altzo
Donostiako Atano III. pilotalekuan jokatu zituzten partidak, eta hiru partidak galduta itzuli ziren altzotarrak. Kadete mailan Gabirondo-Salaberriak 22-7 irabazi zien Joanes eta Pello Olanok osatutako bikoari. Jubenil mailako partida oso borrokatua izan zen: 22 eta 17. Zubeldia eta Aizpitarte altzotarrek Matxain-Bikuina bikoa izan zuen aurrez aurre. Handietan, Urmeneta-Arangurenek 22 eta 2 irabazi zuten Erauskin eta Mujikaren aurka. Datorren igandean jokatuko dira Altzon bueltako partidak, 11:00etan, Altzo Muinoko frontoian. Altzoko Kultur Batzordeak kronika osatua idatzi zuen komunitatean

Asteasu
Zestoaren aurka etxean jokatu zuen Asteasuk, eta Adunaren antzera, hiru neurketak irabazi zituen. Kadete mailan, 22-6 nagusitu ziren Iker Elizegi eta Arkaitz Otaegik osatutako bikotea. Jubenil mailan Julen Aizpuru eta Ioritz Maiozek irabazi zuten, 22-7ko emaitzarekin; nagusien mailan, berriz, Jon Urbieta eta Gaizka Iruretagoiena izan ziren garaile, 22-8ko emaitzarekin. Itzulerako partidak ostiralean jokatuko dituzte Zestoako pilotalekuan, 19:30etik aurrera.

Bidania-Goiatz
Usurbil izan zuen aurkari Bidania-Goiazko taldeak, eta 2-1 galdu zuen. Jubenil mailako neurketan gailendu ziren bidania-goiaztarrak, Elola eta Agirretxek osatutako bikoteak 1-22 irabazi baitzuen. Kadete eta nagusien, mailan, berriz, erraz galdu zuten. Kadete mailan, Elola eta Zinkunegik 22-3 galdu zuten; eta nagusietan Urdapilleta eta Galarraga bost tantotan geratu ziren. 

Zizurkil eta Tolosa final zortzirenetan sartuko dira lehian. Zizurkildarrek, hain zuzen, altzotarren eta donostiarren arteko irabazlearen aurka neurtuko dituzte indarrak. Tolosarrek, berriz, Oñati edo Zumarragaren aurka jokatu beharko dute. Maiatzaren 22an eta 29an jokatuko dira partidak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!