Dominen belaunaldia

Asier Imaz 2016ko mai. 8a, 15:00

Martxoaren amaieran Espainiako Pistako Txapelketak jokatu ziren Valentzian. Kadete eta jubenil mailako txirrindulariak izan ziren bertan. Tolosaldetik zortzi txirrindulari hautatu zituen Euskadiko Selekzioak.

Oriako Limousin Taldeko sei, eta Gipuzkoa Caja Rural Bidebideko bi. Guztiek lortu zituzten dominak. Lorpen izugarria, eta eskualde baterako ezohikoa. Aldi berean, atzetik egiten den lanaren erakusle.

Emaitzak aztertzen hasita, izen bat nabarmendu behar da: Eukene Larrarte. Lau urrezko eta brontzezko domina bat lortu zituen Caja Ruraleko txirrindulariak. Duela ez asko futbolean ibiltzen zen tolosarra, atezain bezala. Hura utzi eta txirrindularitzan hasi zen. Espainiako Pista Txapelketan lehen egunetik hasi zen nabarmentzen, scratch eta jazarpen probak irabaziz. Keirin-ean ezustekoa emanda irabazi zuen urrea. Amaieran, txapelketako izar nagusienetako bat bilakatu zen.

Eukene Larrarte. Tolosa, 1998. Jubenila


Bost domina:
Lau urrezko eta brontzezko bat. Azken hau, taldeka, abiadura proban. Lau urrezkoak, scratch-ean, puntuaketan, jazarpen proban eta keirin-ean.

Ezaugarriak: «Ez naiz bizkorra, baina erresistentzian ondo ibiltzen naiz».

Espainiako Pistako Txapelketa: «Gehien gustatu zitzaidana taldean eduki genuen giroa izan zen. Hasiera batetik ez ginen denak ezagutzen, baina pixkanaka harremanak egiten joan ginen, eta giroa benetan aparta sortu zen».

Tolosaldeko txirrindulariekin zer gertatzen da? «Oso emaitza onak lortu ditugu, eta etorkizuna badagoela erakutsi dugu. Neskak gero eta gehiago izatea ere baloratu behar da; oso positiboa da hori ere».

Luis Mari Garikano. Tolosa, 1998. Jubenila

Hiru domina: Urrezkoak puntuaketan eta taldekako jazarpenean, eta zilarra jazarpenean.

Ezaugarriak: «Ez naiz espezialista, denetan nahiko txukun moldatzen naizela uste dut».

Espainiako Pista Txapelketa: «Espainiako Kopa bost urte eta gero aurten hasi da berriz, eta txukun ibili ginen eta pistan hori zen helburua. Horrelako emaitzak beti ondo etortzen dira. Batean zein bestean antzeko jendea ibili gara. Deigarriena taldean izan dugun giroa izan da, eta horrekin geratzen naiz».

Tolosaldea: «Dominak gustura hartzen dira, eta belaunaldi honi ongi etorriko zaizkio. Aurretik Xabier San Sebastian eta Jon Irisarri bezalako txirrindulariak atera dira. Oso onak, biak. Positiboa da eurek jarraipena izatea, bai pistan eta baita errepidean ere. Eskualdeko txirrindulariek erakutsi dute maila badagoela, eta gazte jendearentzat motibagarria izan daiteke. Hemendik bizitzea oso zaila edo ezinezkoa da, beraz, momentuaz eta egiten diren lagunez gozatu behar da, horiekin geratuko gara eta».

Pista edo errepidea? «Bat bestearentzat ondo etortzen da eta alderantziz. Biak ditut gustuko. Pistak txispa hartzen laguntzen du, eta teknikoki ikasteko ere ondo etortzen da. Frenorik gabeko txirrindulariak dira, eta kontrolatzen ikasten duzu. Horrek gero pelotoirako laguntzen du; segurtasun gehiagorekin joaten zara».

Julen Dorronsoro. Albiztur, 2001. Kadetea

Domina bat: Brontzea, 500 metrotan.

Ezaugarriak: «Jaistea gustatzen zait gehiena».  

Espainiako Pista Txapelketa: «Zerbait nabarmendu beharko banu,
bertan zegoen maila izango zen».

Tolosaldea: «Emaitza oso onak izan dira, eta horrek ilusioa ematen du».

Naia Amondarain. Ibarra, 2001. Kadetea

Domina bat: Zilarra jazarpen proban.
Ezaugarriak: «Kadeteetan oraindik lehen urtea da eta denetik egiten dugu. Ez daukat ezer zehatzik».
Espainiako Pista Txapelketa: «Gure artean egon zen giroa azpimarratuko nuke».
 

Maddi Amondarain. Ibarra, 1998. Jubenila

Hiru domina: Taldekako abiaduran, brontzea; scratch-ean zilarra eta 500 metrotan, brontzea.  
Ezaugarriak: «Ez naiz azkar-azkar horietakoa, baina badut abiadura pixka bat. Errodatzen gustura ibiltzen naiz, eta argi dut igoerak ez zaizkidala gustatzen».  
Espainiako Pista Txapelketa: «Oso ondo pasa genuen; barre ugari eginez. Bazkaltzeko eta afaltzeko garaian elkarrekin egoten ginen, jubenilen taldetxo bat, eta konfiantza handia sortu zen gure artean. Kadeteekin ere oso ondo moldatu ginen».
Tolosaldea: «Harrobia badagoela argi gelditu da, behintzat. Poz handia ematen du inguruko txirrindulariek horrelako maila erakutsi izanak Espainiako Txapelketa batzuetan».
 

Iñaki Murua. Altzo, 2000. Kadetea

Bi domina: Scratch-ean brontzea eta taldekako jazarpenean zilarra.
Ezaugarriak: «Kadetea naiz eta oraindik ez daukat ezaugarri zehatz bat, denetan moldatzea tokatzen zaigu, nahiz eta esprinta ez zaidan asko gustatzen».   
Espainiako Pista Txapelketa: «Esperientzia berria izan da. Jende berria ezagutu dugu, eta taldean giro oso ona eduki dugu. Oso polita izan da».
 

Arantxa Garikano. Tolosa, 2000.Kadetea

Domina bat: Brontzea, scratch-ean.
Ezaugarriak: «Argi dago esprintak ez zaizkidala gustatzen, oso txarra naiz. Ordekan gustura ibiltzen naiz, eta behin forma hartuta, igoerak ere gustatzen zaizkit».   
Espainiako Pista Txapelketa: «Oso esperientzia ona. Joaten nintzen lehen aldia zen, eta errepikatzeko modukoa izan da. Txapelketa aurretik Espainiako Kopa lehiatzen ibili ginen, eta gutxi gorabehera bagenekien nolako maila egongo zen. Egindako lanarekin nahiko gustura gelditu naiz».
 

Unai Iribar. Ibarra, 1999. Jubenila

Bi domina: Urrezkoa taldekako jazarpenean, eta zilarra taldeka abiadura proban.
Espainiako Pista Txapelketa: «Pistako denboraldi on bat egiten ari nintzela erorikoa izan nuen azken astean, eta uste dut gauzak hobeto egin nitzakeela. Baina nola joan den ikusita, pozik egoteko moduan nagoela uste dut. Kopatik ia denak ezagutzen ginen, eta ondorioz esperotako maila egon zen. Selekzioan izan genuen giroak harritu ninduen, gauzak ondo egiteko asmo horrekin zeuden denak».
Tolosaldea: «Bi elkarteak, Oriako eta Caja Rural lan ona egiten ari direlako izan da. Negu partean pista bultzatzen dute, prestakuntzaren barruan. Gipuzkoako lasterketekin hasten gara, eta gero estatu mailakora iritsi arte. Lan horren emaitza da eskualdeko txirrindularitzak duen maila».
Erlazionatuak

Zer ikusi, hura ikasi

Asier Imaz 2016 mai 08 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!