Zer ikusi, hura ikasi

Asier Imaz 2016ko mai. 8a, 21:00

Belaunaldi berezi baten aurrean gaudela argi dute hiru txirrindulari ohiek; Ainhoa Artolazabal, Iñaki Murua eta Joxe Mari Iribarrek ez dute zalantzarik. «Eskualde batetik selekziora zortzi txirrindulari joatea asko da, eta denek domina irabaztea, oso kuriosoa», laburbiltzen du Iñaki Muruak.

Arrazoiak edo zergatiak bilatzea puzzle bat osatzea bezala da. Duela 15 urte atzera egiten baldin bada, gauzak ulertzen hasteko hainbat datu kontatzen ditu Artolazabalek: «Belodromoan bost katu elkartzen ziren orduan». Muruaren esanetan, «topikoak zeuden orduan, pistan ibiltzen zena aldapan gora ez zela ibiltzen eta abar». Iribarrek topikoak puskatzen ditu ordea: «Teknika aldetik asko ikasten da pistan, abiadura ere lantzen da, baita iraupena ere. Bete-betea da guztiz , eta errepiderako ondo etortzen da». Gauzak horrela, garaiak aldatzen joan dira, eta negu partean txirrindulariak pistan ibili dira entrenatzen. Eta hor, eskualde pribilegiatu batean bizi garela dio Iñaki Muruak: «Belodromoa oso gertu geratzen da. Gure garaian ziklo-krosa egiten zen neguan, orain pistara joaten dira entrenatzera, eguraldiari begira egon beharrik gabe». Horrez gain, Artolazabalek dion bezala, pistako lasterketak asko ugaritu dira. Baina hor, txirrindulariak erantzun behar du, eta puzzlearen beste pieza agertzen da, Arritxu Iribarrek bere iritzi artikuluan argi azaltzen duen bezala.

Entrenamenduetara edo lasterketetara joan egin behar da, ordea. Eta horren atzean, puzzlearen beste pieza bat dago: txirrindulari taldea eta gurasoak. «Semeak futbolean ere ibili ziren, baina txirrindularitza aukeratu zuten. Nik animatu egiten ditut, hunkigarria da niretzat nik egindako kirolean ikustea, eta ahalik eta gehien laguntzen saiatzen naiz». Muruak ere badaki semearen atzetik ibiltzea zer den, bere garaian, semea ibiltzen zen aitarekin lasterketak jarraitzen. Artolazabalek dion bezala:«Zer ikusi, hura ikasi».

 

Joxe Mari Iribar. Ibarra, 51 urte

Ibilbidea: Txirrindularitzan 10 urterekin hasi zen, eta 24ra arte jarraitu zuen. Zumaiarra izanik, Kostako Eskolak eman zituen bere lehen pedalkadak. Afizionatuen mailan Orbea taldearekin aritu zen, hiru urtez, txirrindularitza uzteko unea iritsi zitzaion arte.

Ezaugarriak: Azkarra, esprinterra.

Oroitzapen bat: Miguel Indurainek afizionatuetan zuen maila; «izugarria zen».

Egun: Beti gustatu zaion kirola gertutik jarraitzen du. Bere bi semeak Oriako Txirrindulari Eskolan dabiltza, eta guraso bezala laguntzen aritzen da bera, semeei jarraipena eginaz.

 

Ainhoa Artolazabal. Tolosa, 44 urte


Ibilbidea: Tolosako Txirrindulari Eskolan 14 urte ingururekin hasi zen. Orduan, Tolosa CF zen gaur Oriako dena. Jubenilak arte bertan egon zen, eta afizionatuetarako jauzia Caja Ruralekin eman zuen. Taldearen atzean zegoen elkartea Zizurkilgo Danena zen. Lau urte iraun zuen bertan, afizionatuetan. Tartean, ordea, soldaduskara joan behar izan zuen, eta ezer gutxi lehiatu zuen bigarren urte horretan. Iribar bezala, irratia soinean ibili zen soldaduskan hara eta hona, kapitainari behin hola txirrindularia zela esan ziolako. Profesionaletara Caja Ruralekin egin zuen jauzi. «Egia esan mailaz sobera ez nengoen», eta taldea desagertzean txirrindularitza utzi beharrean suertatu zen, 26 urterekin, 1992an.

Ezaugarriak: Borrokalaria; buru gogor xamarra, eta horren poderioz, baldintza guztietara egokitzen zen.

Oroitzapen bat: Onak asko baina «grabatuta» gelditu zitzaiona txarra izan zen; 1991ko Espainiako Itzulian Andorran amaitzen zen etapa batena. Eguraldi baldintza oso kaxkarretan ibili behar izan zuten, eta Lucho Herrera kolonbiarrak berokia nola jantzi zuen gogoratzen da. «Hark bazuen autoan; nik izan banu gauza bera egingo nuen».

Egun: Azken 10 urteak afizionatuen mailako proiektu batean pasa ditu, 2014. urtera arte. Egun guraso papera egiten du Oriako Txirrindulari Eskolan, semea bertan baitauka.

 

Iñaki Murua. Altzo, 50 urte


Ibilbidea: 17 urterekin hasi zen txirrindularitzan. Aita txirrindularia izaki, etxean beti bizi izan du kirol hori: «Hondartzara bizikletaz joan behar izaten genuen. Beste guztiak autoz joaten ziren, baina gure aitari ez zitzaion hori gustatzen». Iraupen eskia egiten zuen, eta uda partean geldirik ez egoteko, bizikleta egitea egokia zela esan zioten. Gustatu eta eskia utzi zuen. Oriakon hasi zen jubeniletan, eta bertan egin zituen bi urte. Kaikurekin egin zuen afizionatuetara jauzi. Bartzelonako Olinpiar Jokoak prestatzera Madrilera deitu zuten, 1990ean. Bi urteren ondoren itzuli zen etxera, Zirauna taldera. Nazio arteko proba ugari jokatua zen ordurako, Frantziako Tour-a eta Italiako Giroa tartean. 24 urterekin Atlantako Olinpiar Jokoetarako aurre selekzioan sartu zuten. «Joatekoa nintzen baina pistaren baldintzak niretzat egokiak ez zirela esan zidaten, eta Atlantara ez baina Italiako Girora joango nintzela selekzioarekin». Ez zitzaion erabaki hori gustatu Artolazabali, eta «pin-pan» dena utzi zuen. «Beti damutu naizen erabakia izan da; egoskorraldi bat».

Oroitzapen bat: Frantziako lasterketa batean, kostako haizea sartu eta laino beltz batzuk ikusi zituzten gerturatzen. «Izugarrizko kazkabarra bota zuen». Txirrindulari gehienak autoetan sartu ziren. «Nik nola edo hala helmugara iritsi behar nuela esan nuen», eta gutxi batzuekin lasterketa bukatzea lortu zuen. Antolakuntzak ordea bertan behera utzi zuen ondoren etapa.

Egun: Oriako Txirrindulari Eskolatik deitu zioten neskentzako zuzendari bat falta zutela esanaz. «Jaso nuena itzultzeko asmoz» bertan ibili zen. Ondoren, Gipuzkoa Caja Rural Bide Bide taldeko entrenatzaile eta zuzendari bezala hasi zen, eta horretan jarraitzen du. Gipuzkoako neskak elkartzen dituen proiektu bat da esku artean duena Artolazabalek, eta helburua «azpiko mailetan neska kopurua handitzea da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!