Lokotx biltzaileen lehen proba

Asier Imaz 2016ko mai. 5a, 09:39

Eneko Garmendia eta Jon Goikoetxea ‘Boli’ lokotx biltzaileen denboraldia igandean hasiko da Legorretan, Gipuzkoako Txapelketarekin. 

Gipuzkoako lokotx biltze txapelketan hiru herri kirolari arituko dira lehian. Horietatik bi eskualdekoak izango dira: Eneko Garmendia baliarraindarra, eta Jon Goikoetxea Boli ibartarra. Kirolariek elkarrengandik 1,25 metrora jarrita dauden lokotxak ahalik eta denbora laburrenean jaso beharko dituzte; 50 lokotx guztira.
Iazko Gipuzkoako txapelketan hiru protagonista berdinak izan ziren. Orduan Eneko Garmendiak irabazi zuen 6 minutu eta 30 segundorekin. Bere atzetik Jon Goikoetxea ibartarrak amaitu zuen, eta Arkaitz Astiazaran hirugarrena izan zen.


Garmendia izango da aurten berriro ere txapela irabazteko faboritoa. Baliarraindarraren esanetan, «entrenamendu asko egiteko ez dut tarterik izan, baina egin ditudanetan denbora nahiko onak egin ditut. Beraz, nahiko gustura joango naiz Legorretara».


Gipuzkoako txapelketan lehen bi postuetan amaitzen dutenek Euskal Herriko Txapelketarako txartela lortuko dute. Gipuzkoako txapeldun gelditzen denak, aipatu sariaz gain, Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketan Gipuzkoa ordezkatuko luke. Legorretako herri kirol jaialdian, lokotx biltzaileen ondoren ingude altxatze txapelketa jokatuko da.

Gipuzkoako Txapelketa
Maiatzak 8, igandea, 18:30ean

Lokotx biltze txapelketa
Arkaitz Astiazaran (Itziar)
Eneko Garmendia (Baliarrain)
Jon Goikoetxea ‘Boli’ (Ibarra)

Ingude altxatze txapelketa
Arkaitz Astiazaran
Jesus Mari Iruretagoiena
Igor Landa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!