Erniopeko bide zaharrak

Asier Imaz 2016ko mai. 4a, 16:32

X. Mendi Ibilaldia maiatzaren 15ean izango da; izena emateko aukera zabalik dago. Martin Leunda Erniozaleak Elkarteko kideak xehetasun guztiak.

Erniopeko zortzi herriak bide zahar eta ezezagunez loturik daude: Asteasu, Bidania-Goiatz, Errezil, Aia, Albiztur, Hernialde, Alkiza eta Larraul.Garai bateko mendi bide horiek ezagutzeko, eta mendi itzuli eder bat egiteko asmoz, Erniopeko Mendi Ibilaldia antolatu zuten duela hamar urte, Erniozaleak elkarteko kideek, herri horietako udalekin batera. Bideak garbitu zituzten lehenik, eta itzulia antolatzeko lan horietan, bide berriak ere aurkitu zituztela dio Martin Leunda hernialdearrak: «Bide zaharren bila ibili ginen hasiera hartan, eta baita aurkitu ere. Baina lekuko zaharrenek esanda, ezagutzen ez genituen beste ibilbide batzuk ere ezagutu genituen. Bertara joan eta han irauten zutela ikusi genuen. Bide garbiketak egin eta horrela hasi ginen mendi ibilaldia antolatzen».

X. edizioa maiatzaren 15ean, igandez, izango da. Bi itzuli mota egongo dira: luzea eta laburra. Bietan izena emateko epea zabalik dago. Horretarako bi bide jarri dituzte antolatzaileek: www.erniozaleak.org webgunearen bidez, edo egunean bertan. Bietan hamar euro ordaindu beharko dira. Hala eta guztiz ere, antolatzaileek nahiago dute aurrez izena ematea, aurreikuspenak errazago egiteko.

Dagoneko 125 lagunek bete dute inskripzio orria elkartearen webgunean. Erniozaleak Elkarteko kideek guztira 300 mendizale espero dituzte hurrengo igandean, Asteasuko irteera puntuan. Aurten, gainera, XIV Orduen urtea da, eta Leundaren esanetan, horrek eragina izaten du parte hartzaile kopuruari dagokionean.
Ibilbide luzea egin nahi dutenek, hau da, 48 kilometrokoa, irteera 06:00etan hartuko dute. Zortzi herriak zeharkatuko dituzte, eta bakoitzean anoa guneak izango dituzte prest. Beste hainbat puntutan ere egongo dira elikagaiak eta edariak. Itzuli hau egiteko hamaika ordu inguru beharko direla aurreikusi dute antolatzaileek.

Ibilbide laburra egiteko asmoa dutenek, 26,5 kilometroko itzulia egingo dute; bost ordu t’erdi ingurukoa. Hauek, Asteasutik 08:00etan aterako dira.

Martin Leundaren esanetan, azken egunetan seinalizazio lanak egiten hasi dira, eta oraindik bidean lokazti batzuk aurkitu baldin badituzte ere, espero dute eguraldiak laguntzea eta maiatzaren 15erako dena baldintzarik egokienetan egotea: «Mendi ibilaldia egiteko garai oso polita da. Udaberriaren hasiera da, eta zuhaitzetan nahiz zelaietan loreak nola datozten ikusten da. Ibilaldiak ez dauka malda gogorrik, nahiz eta gorabehera askokoa izan. Gozatzeko moduko itzulia da, eta garai bateko bideak ezagutzekoa».  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!