Greban jarraitzen dute errepideetako langileek

Ataria 2016ko api. 29a, 08:43

Gipuzkoako Foru Aldundiaren adjudikazioko baldintzak ez direla betetzen salatu dute UTE Goierrialdeko langileek

Greba mugagabean dira duela bi hilabetetik, Gipuzkoako bigarren mailako errepideen mantentze zerbitzuko langileak. Gutxieneko zerbitzuak hitzartu dituzte, gidariei ahalik eta eragozpen apalenak sortzeko: asteburuetako zerbitzuei eusten diete eta larrialdietan –istripuetan, esaterako– berdin jarduten dute. Gutxieneko zerbitzu horiek euren esku egon arren, lan horretan beste langile batzuk ari direla salatu dute UTE Goierrialdeko langileek. Adibidez, aste honetan, Villabonan, N-1era ateratzeko bidean sastrakak kentzen jardun dute eta desadostasuna adierazteko, protesta burutu dute greban diren langileek.

Gipuzkoako Foru Aldundiak errepideen mantentze zerbitzuko adjudikazioa egiten du lau urtez behin eta geroz eta prezio baxuagoetan egiten direla salatu dute langileek. Jose Luis Zuriarrain UTE Goierrialdeko beharginetako baten esanetan, «zazpi urte dramatzagu soldatak igo gabe eta lan erreformaren kontrako klausula duinak bermatzea eskatzen dugu». Diputazioak berak onartu die enpresak adjudikazioak inoizko prezio baxuenetan beregatzen dituztela. Horrek gero, lan baldintzetan du eragin.

Arriskugarritasun gehigarria ere eskatzen dute UTE Goierrialdeko langileek: «Errepide bazterrean aritzeak arrisku handiak dakartza. Badugu lankide bat Idiazabalen auto batek aurrean eraman zuena eta gaitasunik gabe geratu dena lanerako».

UTE Goierrialdea bereganatu duten enpresak Zerbitzu eta Murias dira. «Zerbitzu enpresako langileak dira, gainera, egunotan, guk egin beharreko lanak egiten ari direnak». Zuriarrainen ustez, «adjudikazioan bertan agertzen diren baldintzetako asko ere ez dira betetzen. Langile kopurua edo ibilgailuek izan behar dituzten ezaugarriak, adibidez. Baldintza txarretan ari gara. Neguan, elurra kentzen ibiltzen gara hamahiru orduz segidan. Bi lankideen artean egin beharreko lana bakarrik egiten dugu. Baldintza horiek hobetu egin nahi ditugu»

Andoainen N-1eko 445 kilometro puntutik Etxegarateko mugarainoko errepidearen eta A-15ean, Andoaindik Leitzara bitarteko autobidearen mantenuaz arduratzen dira UTE Goierrialdeko langileak. 30 dira guztira eta horietatik 21ek abiatu dute greba mugagabea. Tolosaldekoak dira langile horietako asko.
Errepideen garbiketa, mantentze lana, gertakarien artapena, neguko errepide planen ezarpena, mantentze elektrikoa eta tunelen zaintzaz arduratzen dira Diputazioak azpikontratatuko UTEak. Gipuzkoan beste bi daude Goierrialdekoaz gain eta guztiek elkarrekin egiten dute protesta, egunero, Donostiako Gipuzkoa plazan, Foru Aldundiaren egoitza aurrean. «Euren eskumenetatik harago doala diote, baina uste dugu Diputazioak baduela ardura guzti honetan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!