Buruaren indarra

Jexux Murua 2016ko apirilaren 27a

Partida zaila, latz kostata irabazi zuen Artolak ostiralean. Partida zaila, erraz irabazi zuen Altunak astelehenean. Bi partida zeharo desberdinak: pilotari desberdinak, pilota desberdinak eta giro desberdinak; argi utzi zuten Deba bailarakoek Tolosaldekoak baino askoz zaratatsuagoak direla berena aupatzerakoan.

Gaurko pilota jokoan pentsatzeko denbora gutxi izaten dute, batik bat buruz buru ari direnean, eta gutxiago Rezustaren estilokoa aurrean duzunean; honen pilotakaden abiada eta, dezentetan, noraezari eusten eta gaina hartzen Artolak egindako lana meritu handikoa izan zen. «Gozakaitz ari dituk, partida txarra ziak ...». Arinkeriak! «Ari hadi heu abiada horretan, ematen edo eusten!». Ahal fisikoa ez ezik, buru sendoa behar zuen zaparrada hari eusteko, eta burutsu aritu zen Iñaki. Egoskor ez ezik, bizkor aritu zen, oso bizkor.

Desberdina izan zen Tolosakoa eta, abilidadeak abilidade, hemen ere burutsuena gailendu zela esango nuke. Antzeko joa, pilotari abilak biak, baina sekulako astindua eman batek besteari. Nola liteke? Pentsatua ekarritako jokaldi guztiak pentsatu bezalaxe egiteko gai ez da edozein, eta joko-barruko erabaki guztiak zuzen hartzeko ere ez. Pilotari oso burutsua da Altuna, bizkorra, oso bizkorra.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!