Liburutegia gozatzeko garaia

Mikel Iraola 2016ko api. 23a, 15:32

2013. urtean martxan jarritako proiektua egi bilakatu da: inauguratu dute Plazida Otaño Aiztondoko Liburutegia. Dozenaka herritar gerturatu dira, ilusioz. Bailarako bost herritako udal ordezkariak, eta oraingo eta aurreko Aldundiko kideak ere gerturatu dira ekitaldira.

“Sinesmena da lurralde miragarri honetako ateak ireki dizkigun giltza”. Leire Zubeldia, zinegotzi ohi eta, beste batzuren artean, liburutegiaren proiektuaren bultzatzaileak, hitz hauekin eman dio hasiera inaugurazio ekitaldiari. Izan ere, bere esanetan, "hasieran erokeria zela zirudiena, betetzea zaila zen amets bihurtu zen, eta sinesten jarraitu genuelako bihurtu da egi".

2013. urtean jarri zituzten proiektuaren lehen oinarriak, bailaran zerbitzu eroso eta osoago bat eskaintzeko helburuarekin, eta hiru urteko lanketa gogorraren ondoren, Liburuaren Nazioarteko Egunez zabaldu ditu ateak, lehenengoz, Aiztondo osoari zerbitzua emango dion liburutegiak.

Ilusioz sartu dira haur, gazte eta helduak. "Zeinen polita geratu den", esan dio 80 urte pasatxoko emakume batek bere lagunari, hark buruarekin baiezkoa egiten zuen bitartean. Gaztetxoak liluratuta ibili dira, hara eta hona, apalak arakatuz eta liburuak irekiz. Gustatu ote zaien galdegindakoan, baiezko borobila erantzun dute guztiek, irribarrea ahoan zutela. Beste askok Maria Altuna herritarraren artelanekin gozatu dute.

Denak geratu dira gustura. Gozatzeko unea iritsi da, izan ere, Unai Mendizabal bertsotan kantatu, eta Bukalai taldeko kideek beranduago antzeztu duten eran, haize libre eta aske bat baita literatura.

Elkarlanean garatutako proiektua

Maite Amenabar Zizurkilgo kultur zinegotziak nabarmendu duenez, "herritarren eta gainerako udalen babesari esker" lortu dute proiektua egi bilakatzea: "Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontu parte-hartzaileetara eraman genuen ideia, eta herritar askok eman zioten babesa proiektu honi. Horri esker lortu ahal izan genuen hasteko diru-laguntza", azaldu du.

Hunkituta eman ditu eskerrak Amenabarrek, bereziki, proiektua abian jarri eta amaierara arte "ezinbesteko" izan diren Ainhoa Larrea, Arantxa Zabala, Irati Galartza eta Ainara Sagarna teknikarien, eta Leire Zubeldia eta Alaitz Ormazabal zinegotzi ohien izenak aipatzerako orduan. 

Aduna, Alkiza, Asteasu eta Larraulgo udalak ere eskertu ditu Amenabarrek: "Herrien arteko elkarlanaren aldeko apustua egin genuen, kultur proiektu baten alde". Hain zuzen, Josu Amilibia Adunako alkateak hitz egin du udal ordezkari guztien izenean, eta berak nabarmendu nahi izan du "azpiegitura honek bailara kontzientziaren ikuspegia" irekiko duela: "Herri guztietako kultur agenda partekatuko da, eta beste herrietan izaten diren ekintzen inguruan interesa izaten lagunduko du". 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendariak ere hartu du hitza inaugurazio ekitaldian. "Parte-hartzea, erandundeen arteko elkarlana eta gizartearen indarra" txalotu ditu Mari Jose Telleriak: "Gizartearen indarra batu zen behar eta nahi zen proiektu hau mahai gainean jartzeko eta erakunde hainbat batu dira gauzatzeko". Liburutegia, aurrerantzean, "bailara sendoago bat osatzen eta baloreak indarrean jartzen" lagunduko duela gaineratu du. Telleriaz gain, bertan dira Ikerne Badiola, kultur diputatu ohia, eta Arantza Ruiz de Larrinaga, Parte-hartze zuzendari ohia. 

Erlazionatuak

Irakurleak, Plazidaren magalera

Jon Miranda Labaien 2016 api 22

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!