Irakurleak, Plazidaren magalera

Jon Miranda Labaien 2016ko api. 22a, 11:09

Emakumeen izenak ikustarazteko asmoz Plazida Otaño izena jarri diote Aiztondoko liburutegi berriari, Zizurkilgo bertsolaria gogoan hartuta. Bihar zabalduko ditu ateak eta astelehenetik aurrera prest egongo da.

Mundu osoan egingo dira ekitaldiak Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko eta Aiztondo bailaran ere egun berezia izango da biharkoa. Plazida Otaño liburutegia inauguratuko dute. 2013 inguruan hasi ziren proiektuaren lehenengo oinarriak jartzen eta emaitza bihar izango dute ikusgai herritarrek. Joxe Mari Luengo Zizurkilgo alkateak nabarmendu duenez, «liburutegi egoki baten falta ikusten genuen Aiztondo bailaran eta zerbitzu hori eskaini nahian harremanetan hasi ginen inguruko udalekin. Hasiera batean Villabonara jo genuen eta honek atzera egin ondoren, Aduna, Alkiza, Asteasu eta Larraulgo herriak batu ziren proiektura». Herri horietan egon badaude liburutegiak baina Plazida Otañok zerbitzua osatzen lagunduko du Josu Amilibia Adunako alkateak azpimarratu bezala: «Gure herrietakoak liburutegi txikiak dira eta batez ere umeak dira erabiltzaile nagusiak. Adin batetik aurrera, ordea, ikasleak Villabonara jaisten dira eta talde lanak egiteko edo ikasteko toki baten falta dute. Hutsune hori betetzen lagunduko du Aiztondoko liburutegiak».

Urte hauetan guztietan batzorde bat aritu da lanean, herri bakoitzak zituen beharren diagnostikoa egin eta azpiegiturak eskaini behar zituen zerbitzuak zehazteko. Bost herrietako ordezkariak bildu dira batzordean eta Zizurkilek hartu duen gidaritza lana azpimarratu du Amilibiak: «Gainerako herriek laguntza eskaini dugu, gurea bezala sentitzen dugu liburutegia eta etorkizunean proiektuan parte hartzeko konpromiso sendoa dugu, baina azpimarratu nahi nuke Zizurkilek dinamizatu duela, nagusiki, proiektua eta bere gain hartu duela kostu ekonomikoaren zati handiena». 500 mila eurotik gorako inbertsioa egin dute liburutegia eraiki eta atontzeko. «Nik eskerrak eman behar dizkiet herritarrei, Gipuzkoako Foru Aldundiko aurrekontu parte hartzaileetan, Tolosaldeari zegokion partidan proiektu honen alde egin zutelako. Denen ahaleginari esker lortu dugu», esan du Luengok.

Koordinatutako proiektua

Aiztondoko liburutegia zabalik egoteak ez du esan nahi herriz herri dauden liburutegi txikiagoak itxiko direnik, haien zerbitzua osatzera etorriko baita azpiegitura berria. Amilibiak esan duenez, «Aduna eta Alkizaren kasuan, adibidez, goiz batean eta bi arratsaldetan bakarrik irekitzen dira liburutegiak. Plazida Otaño, berriz, larunbat goizetan ere egongo da zabalik eta zerbitzu hobea jasoko dugu beraz». Lanaldi erdiz beste liburuzain berri bat kontratatzeko deialdia egina du Zizurkilgo Udalak dagoeneko.

Sei herrien arteko koordinazioa sortuko da hemendik aurrera Aiztondoko liburutegian. Herri bakoitzaren tokiko bildumarentzat txoko bat utzi dute apalategietan eta pantaila bat jarriko dute erakusleihoan herriz herriko kultur agenda jasoz. Bi herrietako alkateek uste dute, lanketa txukuna eginez gero, bailarako ikuspegi horretan sakontzeko aukera izango dela. «Baliabideak optimizatzeko modu bat da eta nik uste etorkizunean bide honetatik jo behar dugula. Urte askotan, norberak beretik jo nahi izan du baina hori ez da ez sozialki eta ezta ekonomikoki ere bideragarria», esan du Amilibiak. Hemendik aurrera, bailara mailako azpiegituretan batera joateko konpromisoa agertu dute udal ordezkariek, beti ere, herritarrei zerbitzu hobea emateko helburuarekin.

Gune isila eta dinamikoa

Bi gune nagusi izango ditu Plazida Otaño liburutegiak: dinamikoa eta isila. Alde batera, beraz, txiki txokoa egongo da, 0 eta 3 urte arteko haurrentzat eta horren ondoan, 4 eta 12 urte arteko umeentzako pentsatutako gunea, irakurketarako, jolaserako eta DVDak ikusteko egokitua. Helduek ere erabili ahal izango dute gune dinamikoa, hemeroteka gisa eta liburuak kontsultatzeko. Udal bulegoak ere aldatu dituzte eraikin berrira.

Gune isilean, berriz, 36 plaza dituen ikasgela jarri dute eta baita balioanitzeko gela ere hitzaldiak, tertuliak, proiekzioak eta tamaina txikiko ekintzak egiteko. Liburutegi osoan teknologia berriak eskuragarri izango dira eta interneteko konexioa izango dute erabiltzaileek. Bi guneak lotzen dituen pasabidean, berriz, herriko artistentzat espazio bat egokitu dute eta bihar, Maria Altuna artista zizurkildarraren lanak zintzilikatuko dituzte bertan.

Luengok eta Amilibiak inaugurazio ekitaldira animatu dituzte herritarrak (ikusi egitaraua agendan) «eta batez ere, astelehenetik aurrera, zerbitzu hau erabiltzera bultzatu nahi ditugu, horrek erakutsiko baitu egindako ahaleginak merezi duela eta benetan bailara honek behar duen liburutegi osatua eta kalitatezkoa duela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!