Sare herritarrak bat egin du igandeko deialdiarekin

Ataria 2016ko apirilaren 14a

Bilbon, apirilaren 17an, igandean, Amnistiaren norabidean, euskal preso eta iheslariak etxera leloarekin egingo den manifestazioarekin bat egin du.

«Konponbiderako urrats eta ekimen guztiak babestuko ditu Sarek, horrela egin du bere jaiotzatik. Deitutako manifestazioa, konponbidean pausoak eman nahi dituen ekimen bat da, zalantzarik gabe», esan dute plazaratutako oharrean. 

Hauxe da komunikabideetara igorri dute testua: 

2011tik, euskal presoen kolektiboak pauso nabarmenak eman ditu, salbuespenezko egoera baten amaiera bilatu nahi duten pausoak. Gure herrian hainbeste sufrimendu eragin duen gatazka bati amaiera eman nahi dio kolektibo honek bere pausoekin.

2013ko abenduan, kolektibo honek dokumentu bat argitara eman zuen Durangon. Foro Sozialaren gomendioekin bat eginez, egindako mina aitortu eta espetxe legedia aplikatzeko prest zeuden hauek.

Orain dela egun batzuk, martxoaren 13an, Gipuzkoan kokatuta dagoen Usurbil herria ehundaka preso ohiek emandako pauso berri baten lekukoa izan zen. Aurrera egiten jarraitzeko beharra azpimarratu zuten, beste behin ere.

Eta ez zuten legeak barnebiltzen ez duen zerbait eskatu. Espainiako Gobernuari eskatzen zaiona, salbuespenezko legedia bertan behera uztea da, gure herrian existitzen den minari min gehiago gehitzea helburu duena.

Zentzu honetan, ezin dugu ahaztu Espainiako eta Frantziako 74 espetxe ezberdinetan 400 bat euskal preso daudela gaur egun. Egoera hau mantentzen den heinean, zoritxarrez, gatazkak bizirik iraungo du, eta gure seme – alabei etorkizun hobea uzteko aukera galtzeko arriskua izango dugu.

SARE Herritarrak konponbiderako urrats edo ekimen guztiak babestuko ditu, horrela egin du bere jaiotzatik eta horrela jarraituko du. Deitutako manifestazio hau, konponbidean pausoak eman nahi dituen beste ekimen bat da, zalantza barik.

Horregatik, SAREtik, eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboak har ditzakeen erabakiak errespetatuz, pasadan martxoaren 13an Usurbilen iragarri zuten apirilaren 17ko Bilboko manifestaziora atxikitzen gara .

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!