Tolosaldeko txirrindulariak puntako lasterketetan

Asier Imaz 2016ko api. 8a, 11:27

Eukene Larrarte, Leire Olaberria, Xabier San Sebastian eta Jon Irisarri munduko onenekin lehiatuko dira.

Igandean, 23 urte azpiko Flandriar Tourra korrituko da, eta bertan eskualdeko bi txirrindulari egongo gazte egongo dira: Jon Irisarri leaburuarra eta Xabier San Sebastian tolosarra. Caja Ruraleko eta Euskadiko Fundazioko txirrindulariak denboraldi polita egiten ari dira, maila ona erakutsiz, eta nazioartean lehiatzeko aukera izango dute asteburuan.

Ezusteko handiena eman duena Eukene Larrarte txirrindulari gaztea izan da. 17 urte besterik ez ditu, eta bigarren urteko jubenilekin aritzen da lehian. Gipuzkoa Caja Rural Bidebide taldean dabil Larrarte, eta Espainiako Pista Txapelketan maila bikaina erakutsi du. Guzti horregatik, ezohiko aukera sortu zaio: munduko profesional onenekin korritzeko parada. Astelehenean Durango-Durango lasterketa izango da, eta Eukene Larrarte bertara gonbidatu dute. Tolosarrak baiezkoa eman dio eskaintzari, eta profesionalekin batera lehiatuko da.

Apirilaren 13tik 17ra Emakumeen Bira lehiatuko da Euskal Herriko errepideetan, eta Durangoko lasterketan izaten diren txirrindulari gehienak Biran irteten dira ondoren. Larrarte ez da itzulian izango, baina bere lekukoa, Leire Olaberriak hartuko du. Ikaztegietarrak errepideko lasterketan parte hartzea erabaki du, eta munduko txirrindulari onenekin beste behin ere borrokan ibiliko da. Euskal Herriko Itzulia eskualdetik pasa ez den bezala, Emakumeen Bira ere ez da Tolosaldetik pasako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!