Oporrak Bakean programarako beste sei harrera familia behar dira

Maier Ugartemendia 2016ko mar. 22a, 18:08

Irudian, Patxi Amantegi eta Gregorio Eizagirre gaurko agerraldian

Oporrak Bakean programari esker Saharako kanpalekuetatik hamabost haur etorriko dira eskualdeko familietara eta beste hamabost Amasako apaiz etxera


Uda gerturatzen ari da, eta udara oro bezala haur sahararrak eskualdera etorri ahal izateko Oporrak Bakean programa aurrera eramateko harrera familiak behar dira eskualdean. Hamasei urtez ehunka haur eta familia harrerak parte hartu dute ekimen honetan, eta aurtengoan ere hamabost harrera familia behar dituzte, eta aurreko urteetan bezala Amasako apaiz etxean beste hamabost haur hartu ahal izatea da Tolosaldea Sahararekin elkartearen helburua, Gregorio Eizagirreren esanetan.

Oporrak Bakean programaren baitan 10 eta 12 urte bitarteko haur sahararrek bidaiatzen dute Tolosaldera bi hilabetetarako (ekaina bukaeratik abuztua bukaera bitarte). Bi hilabete horietan haurrak kanpalekuetatik ateratzea da asmoa, egoera «ez baita oso ona» izaten beroagatik. Gauzak honela, hemen beharrezko elikadura eta mediku azterketak jasotzen dituzte. Eizagirreren esanetan bide batez saharar herriaren «enbaxadore» ere bilakatzen dira haur horiek, bertako bizimodua nolakoa den helarazten digutelako.

Harrera familien esperientzia «oso aberasgarria» izaten dela dio Eizagirrek, eta horregatik ahalik eta familia gehien «animatu» nahi dituzte programan parte hartzera. Momentu honetan bederatzi familiak eman dute izena programan, eta esan bezala, helburua hamabost familia bilatzea da. Horregatik interesa duten familia guztiak, euren herrietako gizarte zerbitzuetara edo Tolosaldea Sahararekin (tolosaldeasahararekin@gmail.com) harremanetan jartzera gonbidatzen dituzte, martxoaren 31a baino lehen; orduan amaitzen baita izena emateko epea.

Gogorarazi nahi duten haurrak ekartzeko «nahia» izatea nahikoa dela, programa behar ezberdinetara «moldagarria» delako eta elkartearengandik beharrezko laguntza jasotzen delako. Aipatu, haur sahararrak Amasara ekartzeko laguntza ekonomikoa ere beharrezkoa izaten dela, eta haur horiei modu horretara laguntzeko aukera ere badela.

Harrera familia izan diren pertsonen esperientziak ere jaso dituzte:



UNE GOGORRAK SAHARAN

Gregorio Eizagirrek gaurko agerraldian gogoratu du, une honetan Mendebaldeko Saharan «momentu oso gogorrak» bizitzen ari direla. Duela egun batzuk Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusia kanpalekuetan eta lurralde liberatuan izan zen, eta bisitan erabilitako «okupazio» terminoak desadostasuna sortu du Marokoko Gobernuan. Horren erantzuna NBE «soldadu guztiak bidaltzea» izan dela azaldu du eta hortaz, «tentsio» egoerak bizitzen ari direla.

Bestalde, martxoaren 1ean Marokon preso dauden hamahiru sahararrek gose greba mugagabe bat hasi zuten, beren egoera salatzeaz gain Mendebaldeko Sahararen eskubideak aldarrikatzeko, eta eurei «elkartasuna eta babesa» erakutsi nahi izan die Eizagirrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!