Egoera bertatik bertara ezagutzen

Maier Ugartemendia 2016ko mar. 22a, 18:08

Irudian, Tolosaldeko udal ordezkariak Brahim Galirekin.

Tolosako Udaleko Patxi Amantegi eta Joseba Ormazabal eta Ibarrako Udaleko Itziar Arratibel duela hilabete izan dira Saharako kanpalekuetan, bidaia instituzionalean.

Berrogei urte daramatzate sahararrek kanpalekuetan, desertuan kokatuta. Hain zuzen ere, iazko azaroan bete ziren berrogei urte Marokok Sahara okupatu zuela Martxa Berdearen bitartez. Duela hilabete inguru Euskal Herriko berrogeita hamar bat udal ordezkari Saharako kanpalekuetara joan ziren bidaia instituzional bat egitera, bertan Saharar Errepublika Demokratikoaren 40. urteurrena ospatzeko ekitaldi batera gonbidatu baitzituzten. Bertan izan ziren Tolosako Patxi Amantegi udaleko alkateordea eta Joseba Ormazabal zinegotzia, eta Ibarratik Itziar Arratibel udaleko alkateordea.

Uholdeen ondorengo egoera «larria» gertutik nola bizi duten ezagutu dutela dio Amantegik. Etxe asko suntsituta geratu ondoren, laguntza bezala jasotako dendetan bizi dira saharar asko egun. Gainera, udal ordezkariak bertara joan ziren egunetan sirokoa jasan behar izan zuten, eta bertan bizi duten egoera «latzaren» erakusgarri bat izan zela dio. Egoera gertutik ezagututa, udal ordezkari bezala Oporrak Bakean programan parte hartzera «animatu» zituen familiak.

Saharako kanpalekuetan Frente Polisarioko mandatariekin egon dira, emakumeen etxeak, ospitaleak edota eskolak ezagutu dituzte. Arratibelen hitzetan «nola bizi diren» ezagutzeko aukera izan dute, eta bidaiak «merezi» izan du.

Dakhla izeneko kanpalekuan desfile militar bat ikusteko aukera ere izan zuten, «euren indarra erakusteko» Arratibelen esanetan. Gainera, ospakizun horietara hemengo udal ordezkariak gonbidatuta «abegikortasuna» erakutsi nahi izan zietela dio.

Amantegik eta Arratibelek euren lurretara itzultzeko duten nahi hori azpimarratuko lukete bidaiatik. Amantegik duten «adorea» du gogoan, eta dena oso ondo antolatuta dutela, baina zenbait proiektu ezin garatuz geratzen direla «beraien ideia eta arrazoia bueltatzea delako».

Arratibelek ere bertan aurkitutako «erresistentzia» azpimarratzen du eta Sahara libre ezagutu zuen emakume batek botatako esaldia du gogoan: «Ez direla mugituko beren seme-alabek askatasunean bizitzeko aukera duten arte».

Aske izan arte bertan jarraitzeko asmoa eta itxaropena dira, beraz, biek azpimarratzen dutena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!