«Hamar urtetan bost aldiz eman diot munduari bira; horrek erakartzen du jendea»

Iñigo Terradillos 2016ko mar. 17a, 10:05

Amalur jardunaldien barruan, eta Australiatik itzuli berri, Xabi Fernandez bela gidariak (Ibarra, 1976) Muturreko nabigatzailea hitzaldia eskainiko du,Topic zentroan. 

Lordi Saralegik gidatuko du 19:30ean hasiko den saioa, eta sarrera doan izango da. Ibartarra ez dago geldirik, eta asmo eta ideia berrietan sartuta dabil, proiektu berriak aurrera atera nahian.

Zer moduzko esperientzia daukazu itsasoarekin? Ezin esan txarra...
Ezin esan txarra. Urte asko dira itsasoari eskainiak, eta askotan kontatu izan ditugu proiektuak eta abenturak eta gaurkoa ere hortik joango da. 1998. urtetik erabat itsasotik bizi izan naiz, eta suertea izan dut.

Olinpiar Jokoetan dominak edo bost alditan munduari bira ematea eman dizu itsasoak. Zer gehiago?
Emaitza horiek lortu eta abentura horiek guztiak egiteko, imajinatu pasa ditugun urteak, egun onak eta txarrak, eta bizi izan ditugun abenturak. Jende asko ezagutu dugu mundu guztian zehar, leku asko ezagutu... eta gauza asko eman dizkit bai itsasoak. 

Abenturarekin lotu izanda?
Bela mundua oso zabala da, eta ez du beste kirolek izan dezaketen adin mugatzailerik. Gu bela txikiekin hasi ginen, eta hori ez nuke esango abentura denik, baizik eta, lehiaketa. Munduari bira ematen diogunean ere lehia da guri erakartzen gaituena, baina abentura oso handia da, bai.

Muturreko egoera asko?
Egoera zail asko bizitu ditugu, baina onak askoz gehiago izan dira. Bestela ez ginen bueltatuko. 

Zer entzungo du gaur Topic zentrora doanak?
Hamar urtetan bost aldiz eman diot munduari bira eta jendea horrek erakartzen du gehien bat. Olinpiar Jokoak oso garrantzitsuak dira, ziurrenik bestea baino gehiago eta estropada txikiak, baina jendeak ez ditu asko ulertzen. Abentura puntu horrek askoz gehiago erakartzen du jendea. Tolosan ere beti ezagutu dugu espiritu abenturazalea. Agian, itsasoari lotuta gutxiago bada ere, jende asko dago itsasoari begira bizi dena Tolosaldean. Aurkezpen txiki bat eginda, Volvo Ocean Race eta munduko bira horietan zentratuko gara, bideo txiki eta argazkiez lagunduta. Jendeari gustatzea eta galderak eginez gaiak ateratzea espero dut. Irekia izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!