Behin behinean gelditu dituzte 'Euskal Y'-aren obrak

Ataria 2016ko martxoaren 2a

Hernialde-Zizurkil tartean ez dira lanak guztiz geratu, baina bai, ordea, Zizurkil-Andoain zatian. Efe albiste agentziak eman zuen atzo berria eta behin-behineko geldialdiak izango direla jakinarazi du.

Eferen arabera, Eusko Jaurlaritzak Euskal Y trenbide sarea egiteko lanak gerarazi ditu lau zatitan. Horietako bi eskualdeko Hernialde-Zizurkil eta Zizurkil-Andoain zatiak dira. Euskal Trenbide Sareak eskatuta, lanak egiteko proiektuetan hainbat moldaketa egin behar dira, eta hori da geldialdien motiboa. Egokitzapen horiek egin ahala, lanak berriro hasteko baimenak eskatuko ditu Jaurlaritzak obrekin jarraitzeko.

Euskal Trenbide Sareak eskatutako egokitzapen horietako bat –Zizurkil-Andoain zatiari dagokiona, hain zuzen ere–, dagoeneko bete du Jaurlaritzak, eta, ondorioz, lan horiei berehala ekiteko eskatuko du. Zati horretan lanen %41 eginda daude eta Hernialde-Zizurkilen, %54.

Eferen arabera, gerarazteko aginduaren berri eman die Jaurlaritzak Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaile Adifi eta lanean ari diren enpresa taldeei. Obraren 73,3 kilometro —Gipuzkoakoak— daude Eusko Jaurlaritzaren ardurapean, eta bera ari da dirua aurreratzen, kupo bidez. Lehendik ere izan dira geldialdiak lanetan. Efek albistea administrazioak baieztatu duela adierazi du, baina Jaurlaritzak ez du beste inolako argibiderik eman geldialdiez.

Zizurkil-Andoain zatian erabatekoa izango da geldialdia eta Hernialde-Zizurkil tartean berriz, lanak ez dira guztiz geratuko. Gaur goizean, Zizurkil, Asteasu eta Anoetan langileak ari ziren beharrean eta geldituta zeuden obrak Hernialden. Hona hemen argazkiak:

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!