Gainezka egin du Villabonan Oria ibaiak

Ataria 2016ko otsailaren 27a

Oria ibaia Tolosan.

Kale Berrian, Villabonako ipar sarreran, egin du gainezka, putzu handiak sortuz errepidean. Garajeetara ez da sartu oraindik ura, baina dagoeneko bizilagunak autoak ateratzen ari dira bertatik.

Errepidea moztu dute Kale Berriaren zati batean, baina herrirako sarrera ez dago itxita. Txermin aldetik desbideratzen ari da udaltzaingoa trafikoa. Gauerdira arte euria egiten jarraituko duela diote iragarpenak, eta ordura arte zaintza lanetan ariko dira.

Tolosan, Araba etorbidetik San Esteban auzora joateko tunela itxita dago, ur maila altua baita. Hernialdeko bidegurutzeko tunela ere ixteko gomendioa eman du Tolosako udaltzaingoak. bestalde, Santa Maria kaleko garajeetako jabeei autoak bertatik ateratzeko gomendatu die.

Euriteak ere izan du eragina kirol jardueran. Gaur arratsaldean Tolosa C.F.ko gizonezkoen talde nagusiak Berazubin jokatu behar zuen partida bertan behera geratu da, futbol zelaia urez gainez baitzegoen, eta putzu handiak sortu dira hainbat lekutan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!