Basamortutik Tolosaldera

Maier Ugartemendia 2016ko ots. 25a, 18:36

Irudian, gaurko agerraldian parte hartu duten Tolosaldeko udal ordezkariak eta Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak

Tolosaldeko udaletako ordezkariek, Tolosaldea Sahararekin Elkarteko kideekin batera Oporrak Bakean 2016ko programa aurkeztu dute , haur sahararrek udan eskualdera etortzeko aukera izan dezaten

Oporrak bakean ekimenaren bitartez 10 eta 12 urte bitarteko haur sahararrak Tolosaldera bidaiatzeko aukera izango dute, ekaina bukaeratik abuztu bukaera bitarte, eta udal ordezkarien izenean hitz egin duen Olatz Peon, Tolosako alkateak, azaldu du haur horiek udan basamortutik ateratzea "ahalbidetuko" duen ekimena dela.

Udal ordezkariek salatu dute haur horiek "saharar errefuxiatu kanpamentuetan jaio eta haztera behartuak" izan direla eta duela 40 urte, "euren herrialdetik, Mendebaldeko Saharatik bota" egin zituztela, Espainiako, Marokoko, eta Mauritaniako gobernuek "egindako hitzarmenaren ondoren". Egoera horren ondorioz, sahararrek eguneroko bizitza antolatzen "zerotik" hasi behar izan zuten, eta oinarrizko  beharrei aurre egiteko "kanpo laguntza behar-beharrezkoa" izan dute eta dute.

Egoera horren aurrean, eta "heriotza tasa oso handia" zela ikusita, Oporrak Bakean programa sortu zuten 2000 urtean. Helburua haur horiei laguntzea zen: "Urtean gutxienez bi hilabetez, sahararrak iritsi aurretik inoiz inor bizi izan ez zen desertutik atera, ondo elikatu, mediku errebisioak pasa eta sendatu beharreko gaixotasunei aurre egiteko".

Hamasei urte horietan "ehunka" haur izan dira Tolosaldean Peonen esanetan, eta "ehunka" harrera familien parte hartzea. Gainera, egoera aldatzen ez den bitartean beste ehunka haur "gurean jasotzea" gustatuko litzaiekeela azaldu dute.

Hala ere, Oporrak Bakean "ezohiko" egoera batean sortu zela, eta "ahalik eta azkarren" haur horiek guraso eta aiton-amonekin Mendebaldeko Saharara itzultzean "desagertuko" dela baieztatu dute.

Hamabost familiaren beharra

Tolosaldean urtero hamabost harrera familiak parte hartzen dute programan, eta aurten "jada" lau harrera familia badituzte, baina oraindik familia "askoren" laguntza behar dute. Horregatik, Tolosaldeko familiak programan parte hartzera "animatu" nahi izan dituzte udal ordezkariek eta Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideek.

Eskatzen duten gauza bakarra, harrera familia izateko "nahia" eskatzen dute. Udalek haurren bidaiako gastuei aurre egiten diete, eta sor daitezkeen zalantzen aurrean elkarteak "laguntza" eskaintzen die familiei zalantza horiek argitzeko.

Familiak edonola osatuta egonda ere, edo haurra izateko aukera mugatua izan arren (astez bakarrik, asteburuetan, ordu batzuetan...), Tolosaldea Sahararekin harremanetan jartzeko eskaera egin dute, programa "zabala eta irekia" delako eta moldatzeko aukera eman dezakeelako.

Edonola ere, informazio gehiago jaso nahi duenak edo edonolako zalantzarik duenak, bere herriko gizarte zerbitzuetara jo dezake, edota tolosaldeasahararekin@gmail.com helbidera idatzi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!