Tolosaldearen erakargarritasuna bideo batean bilduta

Tolosaldeko Ataria 2016ko ots. 22a, 15:32

Tolosaldea Garatzeneko Turismo Sailak osatu du promoziorako bideoa, online estrategiaren barruan kokatzen dena.

Olatz Illarregi eta Olatz Peon, bideoaren aurkezpenean.

Eskualdea ezagutzera emateko egin du bideoa Tolosaldea Garatzenek, eta bertako lehendakaria den Olatz Peonek aurkezpenean azaldu duenez, aldarrikapen txiki bat egiteko ere balio du: "Kosta inguruan turismoak duen garrantzia oso agerikoa da, ez du inork zalantzan jartzen. Gaur aldarrikatu nahi duguna da, baita ere barnealdean, kasu honetan Tolosaldean, turismoak baduela bere garrantzia garapen ekonomikoaren esparruan. Horregatik ikusten zen Tolosaldea Garatzeneko Turismo Sailetik online promoziorako estrategia horren barruan, garrantzitsua zela bideo hau egitea".

Olatz Illarregi Turismo Saileko arduradunak azaldu duenez, "orain urte batzuk berritu genuen webgunea, egokitzapenak egin ditugu mugikorretatik sartzeko, sare sozialak lantzen hasi gara 2012tik eta gero eta jarraitzaile gehiago ditugu. Irudia zaintzearen aldetik, Instagram kontua ere ireki dugu, batez ere Twitter kontuarekin lotuta. Estrategia honen barruan udazkeneko ekitaldietan blogariak gonbidatzen ditugu beraien blogetan promozioa egiteko, eta hor ikusi genuen halako gabezia bagenuela, ekitaldietan eskualdeko bideo motz promozional bat erakusteko, denon irudi eta eskaintza bilduko zuena".

Helburua izan da "turista identifikatuta sentitzea bideoan, eta nahi genuen oporretako toki bezala gure eskualdea hautatzea", zehaztu du Illarregik. "Aztertu genituen gure bisitarien perfilak, eta aukeratu ditugu azaltzen diren perfil ezberdin horiek eta horietako bakoitzak zer ekintza egiten dituzte gure eskualdera etortzerakoan". Horrela, perfil errepikatuenetako bat da familiak dira. "Batez ere erakargarria da Larraitzen dagoen zuhaitz parkea, Tolosako Topic zentroa...". Bestalde, bikote seniorraren perfilak "jakin-nahi handia izaten dute gastronomian: Tolosako azokan, txuleta bat jaten, pintxoak hartzen, Gorrotxategi museoan...". Gero lagun talde bat jarri dute, naturari begira, jarduerak egiten, bizikletan, zaldian, sagardotegian,... "Ikusi dugu publiko mota bakoitzari zer egiten zaion erakargarria eta hori zabaldu nahi izan dugu bideoaren bitartez. Den dena biltzea oso zaila da, baina lortu dugu jarduera dezente biltzea bertan", esan du Illarregik. Musika ere zaindu dutela gaineratu du, "gure nortasunaren erakusgarri izan dadin. Ahal dugun mimo handienarekin egin dugu bideoa".

Sare sozialetatik zabalduko dute bideoa eta nabarmendu dute EMYAren aurkezpeneko atarian izango dela bideoa. EMYA Europako Museoen Kongresua aurten Topic-en egingo da, apirilean, eta bideoa bere webgunean azaltzea "Europan gure eskualdea erakusteko aukera garrantzitsua" dela azaldu dute Tolosaldea Garatzenetik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!