Beharrezko elkartasuna

Iñigo Terradillos 2016ko ots. 21a, 11:30

Hamaseigarren aldiz antolatu dute Saharako Elkartasun Maratoia. Errefuxiatuen kanpalekuak dauden Aljeriako basamortu gogorrean izango da, otsailaren 23an, eta aurtengoan ere, hainbat euskaldunen artean, Tolosaldeko ordezkaritza izango du.

Hamaika dira, tamalez, saharar herriari laguntzeko antolatzen diren ekimenak. Tamalez, ez bailegoke halakoren beharrik gizakiak gizartea era egokian kudeatuko balu. Eta, hori horrela ez den heinean, eta desberdintasuna, injustizia, gerratea, errefuxiatuak... sortzen edo eragiten jarraitzen duen bitartean, halakoen beharra dute, aurrera egingo badute, ahanzturan eta munduaren mapan galduta dauden milaka pertsonek, sahararrek kasu.

Aljerian kokaturiko errefuxiatuen kanpalekuetan du kokagunea ekimenak, eta kasu honetan, kirolaren bitartez uztartzen da elkartasuna. Hamaseigarren aldiz egingo dute aurten Saharako Elkartasun Maratoia. Hurrengo asteartean, otsailaren 23an izango da. Egunak berak ere badu bere esanahia. Urtero otsaileko laugarren astean kokatzen dute lasterketa, sahararrentzat urteurren berezi batekin bat egiteko, otsailaren 27arekin, hain justu. Saharar errepublikaren urteurrenaren harira hainbat ekitaldi antolatu ohi dituzte kanpalekuetan, eta horietako bat da maratoia.

Bada, mundu osoko 25 lurralde ingurutik ehunka lasterkari espero dituzte aurtengoan ere. Aljeriako Tinduf hiriaren inguruan kokaturiko basamortu gogorrean egingo dituzte maratoiko kilometroak, eta tartean euskaldunak ere izango dira. Baita Tolosaldeko herritarrak ere. Hain zuzen ere, 2006. urtetik, urtero-urtero du eskualdeak Saharako Elkartasun Maratoian ordezkaritza. Aurtengoan, Tolosaldeko bi herritarrek hartuko dute parte, Gregorio Eizagirrek eta Agustin Agotek.

 

«Euskaldunok izaten dugu presentziarik handiena»

Agustin Agote tolosarrak bosgarrenez hartuko du parte Saharako Elkartasun Maratoian eta Gregorio Eizagirre leaburuarrak, berriz, hamargarren urtez. Biek ala biek sahararren aldeko hainbat ekimenetan hartzen dute parte, eta laguntza ematearekin batera, euren helburua sahararren aldarrikapena zabaltzea da. Beste hainbat ekimenekin bezala, maratoia egitera joatea errefuxiatuen kanpalekura azkenekoz joatea da euren nahia, «sahararrak euren lurretara itzuli diren seinale litzatekeelako».

Prestatuta al zaudete erronka berriaren aurrean?

Agustin Agote. Animatuta eta gerturatzen ari den heinean urduritasuna handitzen. Hori bai, eguna iristeko irrikaz.

Gregorio Eizagirre. Prestaketetan murgilduta. Lasterketan parte hartzeaz gain, beste hainbat gauza ere egin behar izaten dira. Esate baterako, materiala eramateko baliatzen dugu bidaia, eta hori biltzen ari gara. Bestetik, han bisita desberdinak egiten ditugu, eta horiek ondo antolatuta joan behar izaten dira.

Tolosaldetik zuek biok hartuko duzue parte. Zenbat euskaldun orotara?

G.E. Guk dakigunez, hamabi edo hamahiru izango dira. Beti izaten da azken unean Madrilgo aireportuan agertzen den beste norbait, baina, momentuz, hamabi edo hamahiru euskaldun izango gara.

Euskaldunon presentzia ekimenaren hasieratik nabaritu da.

G. E. Munduko 25 lurralde desberdinetako parte hartzaileak izan ohi ditu lasterketak, eta esan daiteke, proportzioan, hau da, biztanle kopuruari begiratuz gero, euskaldunok izaten dugu presentziarik handiena.

A. A. %10 inguru izan ohi dira euskaldunak.

Egia da euskaldunok badugula sentsibilitate berezia saharar herriarekiko.

A. A. Beti izan dugu lotura, izan ere, beraien eta gure gatazkak nahikoa antzekotasun dituzte. Bi herriak zapalduta eta okupatuta gaude, eta horregatik batak bestearekiko harreman berezia sortzen da, bai han, baita hemen ere.

Kirol ekimena da otsailaren 23an izango den hau, baina, elkartasun helburua duena.

G. E. Lasterketa aitzakia bat dela esan daiteke. Maratoi osoa egiteko aukera dago, baina, bada ekimen honetan parte hartzeko beste biderik ere, lau lasterketa baitaude aukeran: maratoia, maratoi erdia, hamar kilometrokoa eta bostekoa. Bakoitzak ahal eta nahi duenean hartzen du parte. Azken batean, helburua saharar herriari elkartasuna adieraztea da. Parte hartzaileek izena ematerakoan ordaindu dutenarekin kirolarekin lotura duen proiektu batera bideratzen dute. Ekimenak bertakoen artean kirola sustatzea du helburuetako bat, lasterketan bertan helduak nahiz gazteak parte hartuz, bai eta lortutako diruarekin egin ahal dituzten kirol azpiegiturak erabiltzera bultzatuz.

Zenbatgarren aldiz hartuko duzue parte aurten?

G.E. Nik 2007an hartu nuen parte estreinakoz, eta aurtengoa hamargarrena izango da. Hamar kilometroko lasterketa aukeratzen dut nik. Nire helburua ez da lasterketa bere horretan, baizik eta, hara joatea, gure elkartasuna adieraztea eta laguntza ematea.

A. A. Ni maratoia egiteko asmoz noa. Hau nire bosgarren aldia izango da. Maratoia egiteko mota honetako beste edozein lasterketa bezala, prestatu beharra dago. Hori bai, kasu honetan, kontuan hartu behar da han baldintzak bestelakoak direla: harea, harria, dunak, beroa… Buruarekin eta zentzuarekin egin behar da korri. Horretaz gain, Gregoriok aipatu moduan, ekimen honetan lotzen dira, alde batetik, kirola amu moduan, eta bestetik, elkartasuna. Garrantzitsua da hango familiek ikustea handik kanpo ere euren arazoak kezka sortzen duela eta jende asko dagoela laguntza emateko eta agertzeko gogoz. Gainera, errefuxiatuen kanpalekuetako egonaldia baliatzen dugu bertako egoera bertatik bertara ezagutzeko haiekin hitz eginez-eta, eta gero, noski, han ikusi eta entzundakoa kontatzen dugu.

G. E. Hori da, azken batean, helburu nagusiena. Maratoiaren aitzakian, sahararrek bizi duten egoera ahalik eta gehien zabaltzea. Elkartasuna garrantzitsua eta beharrezkoa da, baina, arazoa politikoa da. Euren lurraldea, Mendebaldeko Sahara okupatu zutenetik 40 urte beteko dira aurten. 40 urte, beraz, errefuxiatuen kanpalekuetan milaka saharar bizitzen jarraitzen dutenetik arazoari irtenbidea ez zaiolako eman. 40 urte hauetan, euren lurretara bueltatzeko esperoan segitzen dute sahararrek. Guk, gure aldetik, eskatzen dieguna erakundeei da Madrilgo Gobernuari eska diezaiotela arazoa beraiek sortutakoa den heinean, hartu dezatela bere gain, eta konpondu dezatela behingoz. 

40 urte daramatzate, beraz, milaka sahararrek, Aljerian kokatutako desertu gogor horretan bizitzen, baldintza kaxkarretan.


A.A. Hala da. Hamada deitzen zaio desertu mota horri. Harrizko basamortua da, eta bertan bizirauteko baldintzak oso gogorrak dira. Esan daiteke, ia-ia kanpotik iristen diren laguntzei esker bizi direla, eta urteek aurrera egin ahala laguntza hauek asko murriztu direla ikusi dute. Horrek ondorio zuzenak ditu, esaterako, haurrengan. Izan ere, elikadura ez da egokia eta, gainera, ez da behar adinakoa, eta hori dela eta, haurren garapen prozesuan zuzeneko eragina izaten ari da. Horretaz gain, osasun arazoak oso nabariak dira, eta helduen kasuan, ohikoa baino lehen zahartzen dira. Egoera larria da.


Gainera, izan berri dituzten euriteek asko zaildu dute egoera hori.

G.E. Pasa den urteko urrian gertatu zitzaien. Astebetez egin zuen euria etenik gabe, eta hori gurean agian oso arrunta bada, han ez hainbeste. Eurite haien ondorioz, bizitokien %80 hondatuta geratu zen, eta 90.000 pertsona inguru izan ziren kaltetuak. Azaroan izan ginen kanpalekuetan, proiektu batzuen harira antolatutako beste bidaia batean, eta orduan ikusi genuen gertutik euriteek eragin zutena. Etxe asko eta asko ikusi genituen erorita eta puskatuta, eta familia asko ezer gabe geratu dena. Berriro ere duela 40 urte zuten egoerara itzuli direla esaten ziguten, hau da, ezerezetik hastera. Hori guztia ikusteak sekulako pena eta inpotentzia sortzen du. Beraien jarrera, berriz, aurrera egitekoa dela ikusi dugu. «Hau lehen ere pasa dugu, eta orain ere nola ahala pasako dugu», esaten ziguten.

Hori guztia errefuxiatuen kanpalekuetan gertatu berri da. Hain justu, errefuxiatuez etengabe ari gara hitz egiten azkenaldian.

G.E. Saharar arazoa isildutako arazoa dela esan daiteke. Zoritxarrez, beraz, zarata egin beharra dago euren arazoa mahai gainean jartzeko. Bitartean, oso puntualki baino ez da hitz egiten sahararrei buruz, normalean zerbait larria gertatzen denean, pasa den urte amaieran izandako euriteak, kasu. Baina, esan beharra dago, egunero-egunero jasaten dituztela torturak eta era guztietako giza eskubideen urraketak lurralde okupatuetan, nomadak bizi diren lurralde liberatuetan edozein unetan minaren bat zapaltzeko arriskuarekin bizi dira, eta errefuxiatuen kanpalekuetan eguneroko bizimodua berez da gogorra. Beraz, komunikabideetan-eta soilik gertaera larriren bat dagoenean hitz egiten da saharar herriari buruz, baina bitartean, 40 urte daramate bizimodu hori jasaten. Ez dakigu noiz arte iraungo duten horrela, baina, nekatuta eta nazkatuta daude egoera honekin, batez ere gazteak. Hauen artean borroka armatura itzultzeko ideia geroz eta indar handiagoa hartzen ari da. Sahararrek erabaki behar dute zein pauso emango duten, eta guk hemendik, laguntzen jarraituko dugu, gure esku dagoen guztia eginez. Nabarmendu nahi dudan ideia da sahararrez hitz egitean askotan soilik kanpalekuetan bizi direnak hartzen ditugula kontuan eta beraientzat zuzentzen ditugula laguntza guztiak. Lurralde okupatuetan daudenen egoera ere azpimarratu behar da, oso gogorra baita bertan saharar izanik bizitzea.

A.A. Garbi izan behar dugu hemendik bideratzen dugun laguntza ez dela beraien beharrak asetzeko, herriak bizirik iraun dezan eta euren helburuetara irits daitezen baizik. Laguntzak bide bat izan behar du. Hara elikagaiak edota osasun arloko materiala bidalita arazoa ez da amaitzen. Bestalde, orain asko ari da hitz egiten Siriatik-eta datozen errefuxiatuei buruz, eta badirudi munduko gainerako errefuxiatuei buruz ez hitz egitean arazoak konpondu egin direla. Hainbat eta hainbat gatazka oraindik konpondu gabe daude, eta horietako bat da saharar herriarena. Nazio Batuen Erakundeak ebazpen eta adierazpen asko onartuak ditu sahararrek askatasunez erabakitzeko daukaten eskubidea berretsiz, arrazoia, beraz, sahararrek dute. Baina, Marokok, Frantziak edota Ameriketako Estatu Batuak bere aliatuekin, indar handia dutela ikusten da, eta ondorioz, arazoak bere horretan jarraitu du luzaroan.

Beraz, aurtengo maratoia errefuxiatuen kanpalekuetan da, eta, ea azkena den, edo ea hurrengo urtean euren lurretan egiten duten.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!