Hatz urdinak erreferenduma aldarrikatzeko

Iñigo Terradillos 2016ko ots. 20a, 10:59

40 urte beteko dira aurten Mendebaldeko Sahara okupatu zutenetik; ekimen berezia jarri dute abian sare sozialetan sahararrek euren etorkizuna erreferendum bidez erabakitzea eskatzeko.

Bukatu gabe dago Mendebaldeko Saharako deskolonizazio prozesua. Espainiak utzi egin zuen, Mauritaniak eta Marokok okupatu zuten gero, eta azken honen okupaziopean geratu zen azkenik. Nazio Batuen Erakundeak ebazpen eta adierazpen asko onartu ditu sahararrek askatasunez erabakitzeko daukaten eskubidea berreste aldera. 1991etik, Minursok, Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Nazio Batuen Misioak, agindua dauka lurraldean bertan ikuskatzeko Mendebaldeko Saharak askatasunez erabakitzeko erreferenduma lortzera eramango duten lanak. Erreferenduma Nazio Batuen Erakundeak antolatu eta ikuskatutzea eta Afrikar Batasunerako Erakundeak lagundutzea erabakita zegoen. Ekimen eta ebazpen horiek baina, ez dute arrakastarik izan gaur arte, Marokoren oztopoengatik eta nazioarteko komunitateak bai legalitate internazionala bai bere erabakiak egikaritzeko erakutsitako ezintasunagatik.

40 urte beteko dira aurten, Espainiak Mendebaldeko Sahara Marokoren eskuetan utzi zuenetik. 40 urte, beraz, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zenetik. Otsailaren 27a da aldarrikapenaren eguna, eta urtemuga horretan, urtero moduan, sahahar banderak zintzilikatuko dituzte erakundeen egoitzetan. Horixe da, hain justu, Tolosaldea Sahararekin elkartearen eskaera, Gregorio Eizagirrek azaldu duenez: «Eskualdeko udaletxeei eskatu diegu, beste urteetan egin duten moduan, saharar bandera zintzilikatu dezaten. Hori ere beraiekin gaudela eta lehenbailehen euren herrira bueltatzea nahi dugula adierazteko beste modu bat da».

Zabaldu zure argazkia

Mozioak ere aurkeztu dituzte udaletxeetan, eta bertan urteurrenerako adierazpenarekin batera, erreferenduma eskatzeko ekimena ere azaltzen da. Elkartearen asmoa da udaletxeek mozio horiek onartzea, ekimena bere gain hartzea eta herrian zabaltzea erreferenduma eskatzeko argazki bidezko sinadura egiteko bideak zein diren.

Mendebaldeko Saharan, hau da, Marokoren hegoaldean kokaturiko eta Marokok berak okupatua duen lurraldean, gaur egun, sartzeko ere zailtasunak daudela adierazi du Gregorio Eizagirrek. «Marokok oso kontrolatuta izaten ditu mugak, batez ere jende gaztearekin. Saharar gatazkarekin loturiko jendea dela ikusten badu, segituan kanporatzen ditu Mendebaldeko Saharatik. Duela hiru aste, esaterako, norvegiar talde bat Saharako hiriburua den Aaiun aldera zihoan, poliziak gelditu zituen, Marokora eraman eta Norvegiara bidean jarri zituen», azaldu du.

Hain justu, gazte horiek ideia oso polita izan zuten sahararren etorkizuna erabakitzeko erreferenduma eskatzeko. Hatz bat tintarekin pintatu, eta hatzarekin keinua eginez argazkia egitea da proposatzen dutena. Norberaren sinadura modukoa eta erreferendum eskaeraren atxikimendu modukoa da. Ekimenak harrera bikaina izan du, eta munduko leku guztietatik ari dira atxikimendua adierazten. Tolosaldea Sahararekin elkarteak ere bat egin du ekimenarekin, eta herritar guztiak gonbidatu ditu hatzarekin keinua eginez argazkia egin, eta ondoren, sare sozialetan zabaltzera. #ReferendumNow, #WesternSahara, #SaharaLibre dira argazkiak zabaltzeko erabiltzen ari diren traolak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!