Munduko aizkolari azkarrena

Asier Imaz 2016ko ots. 19a, 17:02

Tolosako Beotibar pilotalekuan Munduko Txapelketa jokatuko da igandean, hilaren 21ean, 12:00etan. Aizkolari azkarrena nor den erabakiko da bertan. Euskal Herriko hamaika aizkolarirekin batera, atzerriko bost ariko dira lehian.

Munduko Txapelketa jokatuko da Tolosan, igandean. Munduko aizkolari azkarrena nor den erabakiko da bertan. Txapela irabazteko bi faborito garbi daude: Lawrence O' Toole eta Aitzol Atutxa. Hala eta guztiz ere, ezustekoen zerrendan beste bost-sei aizkolariren izenak ageri dira. Lehia, beraz, oso ikusgarria eta parekatua izango da.

Azken Munduko Txapelketa duela bi urte jokatu zen, Arbizun, Joxe Ignazio Flores Axio-ren omenez. Euskal Herriko aizkolariek bakarrik hartu zuten parte orduan, eta Aitzol Atutxa izan zen azkarrena. Aurreko munduko txapelketa 2006an izan zen, eta orduan Donato Larretxea nagusitu zen. Bigarren postuan, O' Toole australiarra sailkatu zen. Azken bi txapeldunak, beraz, igandean Tolosan izango dira. Ikusmin handia sortu duen proba bizi-bizia izango da igandekoa.

Munduko Txapelketa antolatzeko patentea Egur Sport enpresak dauka, eta Egur Sport aipatzen denean, Luis Mari Bengoa aipatzen da. «Dirua daukagunean edo aukera bereziren bat dagoenean antolatzen dugu Munduko Txapelketa», dio Begoak. Aurten O' Toole Euskal Herrian zela aprobetxatuz antolatu dute Munduko Txapelketa. «Nazio arteko beste hainbat aizkolari proba izaten dira, Australian edo Zelanda Berrian. Baina Munduko Txapelketaren izenarekin hemen antolatzen dugu, lehen esan bezala, patentea guk baitaukagu», gaineratzen du Bengoak. 

MUNDUKO AIZKOLARI AZKARRENA

OTSAILAK 21, IGANDEA

Lekua: Tolosako Beotibar pilotalekuan.

Ordua: 12:00etan.

Funtzionamendua: Buruz buru, kanporaketa moduan, enbor bati bi korte emango dizkiote. Bat amaitu ondoren, erlojua gelditu egingo da, eta aizkolariek atseden hartuko dute. Ondoren bigarrenari ekingo diote. Denborarik onena egiten duenak aurrera egingo du, bestea kanpoan geratuko da. Horrela, hamasei aizkolaritatik zortzik bakarrik egingo dute aurrera. Ondoren, finalerdiak jokatuko dira, berriro ere buruz buru. Lau azkarrenek finalerako txartela lortuko dute. Finalean bi kanaerdiko ebaki beharko dituzte, atsedenaldirik gabe. Denborarik onena egiten duenak jantziko du munduko txapeldunaren txapela. 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!