"Aitzol Atutxa da gure arteko australiarra"

Asier Imaz 2016ko ots. 19a, 17:02

Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketan lesio txiki bat izan arren, astean ongi errekuperatu da eta iganderako gogotsu dago Joseba Otaegi Zizurkilgo aizkolari azkarra. 

Gozatzeko egun bat izango da igandekoa Joseba Otaegirentzat (Zizurkil, 1983). Hala eta guztiz ere, Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketaren azken jardunaldian, lepoan zaintiratu txiki bat izan zuen, eta azken astea beldurrez pasa du. Ondo errekuperatzen ari denez, Munduko Txapelketara ondo iritsiko delakoan da Otaegi.

Munduko Txapelketan parte hartuko duzu. Zer datorkizu burura hori entzunda?

Polita da. Batez ere kanpoko jendearekin lehiatuko garelako. Hortik aizkoran ibiltzen direla entzuten dugu, mundu mailan, baina hemen beti-betikoak ibiltzen gara. Aizkolari berriekin aritzea polita izango da, nahiz eta lana erabat desberdina izan.

Lan azkarra; lehergarria. 

Zaila da. Urte guztian iraupena lantzen ibiltzen gara, eta horretara gaude ohituta. Orain lan motxean ariko gara, abiaduran. Guri kosta egingo zaigu. 15 edo 20 enbor ebakitzen ditugu eta bat ebakitzeak txorakeria ematen du, baina ez da horrela; kosta egiten zaigu horretara egokitzera. Hala eta guztiz ere, ni behintzat nahiko gustura sentitzen naiz. 

Zer aldatzen da?

Indarreko proba bat da, esprinta. Erabat aldatzen da. Askotan gainera, korteetan gehiago nahasten zara bat ebakitzen hamarrekin baino, presa eta zalaparta horrekin. Entrenatu beharreko gauza bat da, eta guk gutxi lantzen duguna; beste gauza batzuetara gaudelako.

Urrezko aizkoran gutxienez antzeko probak egin dituzue duela ez asko?

Alde horretatik garai egokian harrapatzen gaitu txapelketa honek; urte garai honetan egiten baititugu antzeko lanak.

O' Toole da faborino nagusia. A zer aurkezpena egin duena Euskal Herrian Urrezko aizkoran.

Duela 10 urte ere hemen izan zen, eta ikusi zen zer txikizio egiten zuen. Orain orduan baino eginagoa dagoela uste dut; gutxiago ez du egiten. Horri egur bat ebakitzen ez dago irabazterik.

Zer du desberdina O' Toole-k?

Teknikoki ere desberdina da. Haiek egur gisa, makala ebakitzen dute. Adibide bat jartzeko, seriean fabrikatzen den zuhaitza da hori, bigunagoa, gorabeherarik gabea. Hemen alderantziz gertatzen da, kolpea egurraren araberakoa izaten da. Kirtena ere luzeagoa erabiltzen dute. Hemen 67-68 zentimetro diren bezala, beraiek 75ekoarekin ibiltzen dira. Gaineko eskuarekin ere indar asko ematen diote. Euren teknikak kolpearen potentzia bilatzen du, eta korte segurua. Aizkora zahar horiekin ibili egin behar da. Gero bi metroko mutilak dira denak, eta horiek aizkorari ematen dioten ibilbidea benetan ikusgarria da.

Aizkora horiekin ibiltzeko tentaziorik ez al duzu?

Lan horietara mugatuko bagina, gu ere aizkora horiekin ibiliko ginen. Baina Gipuzkoako Txapelketa bat ezin da aizkora horiekin egin. Distantzia luzeetan dabilen korrikalari bati 100 metro zergatik ez duen egiten galdetzea bezala da.

Australiarrari itzala egiteko moduan ikusten al duzu Aitzol Atutxa?

Enbor bat ebakitzera ez. Nik ez dakit beste atzerritarrek zer egingo duten, baina egur batera zaila izango da. 

Baina euskaldunon artean, dimarra da faboritoa. 

Bai. Zalantzik gabe. Atutxak daukan zarpazoarekin... bera da hemengo australiarra. Bertikalean ere bikain moldatzen da, eta aizkora handiak ere ederki astintzen ditu. Bestalde, bera ere ohituta dago kolpe batean %100 ematera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!