Prekarietatearen aurkako 'Korrika' pasako da eskualdetik

Tolosaldeko Ataria 2016ko ots. 18a, 11:32

Gaur abiatuko da Correscales Bilbotik eta Bartzelonarako bidean Tolosaldea zeharkatuko du bihar. 11:45ean Villabonatik eta 12:45ean Tolosatik pasako da.

Telefonica-Movistar enpresari zerbitzuak eskaintzen dizkieten hainbat kontrata eta azpikontratatako langileek antolatu dute Correscales ekimena. 80 eguneko grebaren ondoren, Bilbo eta Bartzelona lotuko dituen martxa gaur abiatuko da Bizkaiko hiriburutik eta bihar izango da Tolosaldean.

«Eskualdean ere egoera prekarioan ari den langile asko dago. Modu polita iruditu zaigu hemendik lasterketa pasatzen denean haiei babesa eskaini eta beraien aldarriekin bat egitea». LABeko Oihana Lopetegiren hitzak dira. Correscales martxa sostengatu duten eskualdeko eragileen -LAB, ELA, EH Bildu, Sortu, Podemos, Bilgune Feminista, Ikasle Abertzaleak, Otsabi, Onddo, Ibarra eta Tolosako gazte asanbladak, Ernai, Stop Desahucios eta Euskal Herria Sozialista- izenean hitz egin du.

Bihar, 11:45 aldean Buruntzaldetik iritsiko da eskualdera. Han egingo diete lehenengo harrera lasterketan parte hartzen ari diren langileei eta haiekin batera, korrika edo bizikletaz egingo dute Tolosara bitarteko bidea. «Musikaz eta aldarriz osatutako ongi etorria egingo zaio korrikari Tolosan eta hemendik Nafarroarako bidea hartuko du Araitz-Betelu eskualdean barrena jarraituz». Aldarrikapen horietako batzuen berri eman dute prekarietatearen aurkako lasterketa babestu duten eragileek: «Fragmentazioaren kontra egin nahi dugu eta baldintza hauek eguneroko bizitzan duten eraginaren kontra». Modu kolektiboan, kooperatiboan eta alternatiboan ekitearen premia nabarmendu dute eragileek, «ekintza, inteligentzia eta indar kolektiboa direlako gure baldintzak aldatzeko modu bakarra».

Prekarietatea egiturazko arazo bihurtu dela uste du Lopetegik, «duela urte batzuk ere existitzen zen baina lokalizatuagoa zegoen emakume, etorkin eta gazteengan. Gaur egun, edozein langile egon daiteke prekarietate egoeran. Dagoeneko lanpostu bat edukitzea ez baita pobreziatik ateratzeko bermea».

Langileen lan baldintzak okertzen joan dira urteen poderioz, aldian aldiko lan erreformak tarteko. «Denbora laburrean ikusi dugu nola lanaldi osoan dagoen jende askok mila eurotik dezente behera kobratzen duen eta nola ari diren langileak enpresa berdinetan baldintza ezberdinetan lanean. Horrek zatiketa areagotu eta langileen antolatzeko gaitasuna ahuldu du». Lopetegiren ustez, «egoera horri buelta eman eta ziur gaude lortuko dugula langileria berrantolatzea, batasuna berreskuratzea eta mobilizazioak aktibatzea. Correscales lasterketa izan daiteke horretarako abiapuntua».

Bihar, prekarietatearen aurkako martxarekin bat egitera deitu dituzte lan baldintza kaxkarrak pairatzen dituzten eta gizartea aldatu nahi duten herritarrak; solidarioak direnak eta modu kolektiboan borrokatzeko prest daudenak gonbidatuta daude, bizitza duin eta justua lortzera «elkarrekin eta elkarri lagunduz baino ezin delako lortu».

Bestalde, erresistentzia kutxa lortu ahal izateko diru bilketa abiatu dute Correscales ekimenarekin batera cc.goteo/correcales helbidean egin daiteke ekarpena. Sare sozialetan #korrikaprekarioa eta #correscales traolak erabiliko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!