Amasa-Villabonako EH Bilduk Correscalesen inguruko mozioa aurkeztuko du

Tolosaldeko Ataria 2016ko ots. 18a, 11:38

Aste honetan Amasa Villabonako EH Bilduko udal taldetik, Correscales ekimenaren aldeko Adierazpen Instituzional bat adostu eta onartzeko proposamena luzatu zieten EAJ-PNV eta PSE-EE alderdiko udal ordezkariei. Ez dute erantzunik jaso eta ondorioz "alderdi hauek ekimen honi babesa adierazteko inolako borondate politikorik ez dutela ondorioztatzen dugu". Hau ikusita, EH Bilduko hautetsiek mozio bat osatu eta ofizialki udalean erregistratzea erabaki dute otsailaren 29ko osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatu dadin:

MOZIOA:

Correscales – Prekarietatearen aurkako korrika, Moviestarrentzat lan egiten duten teknikoen aldarrikapenekin elkartasunez.

ARRAZOIKETA:

Uda aurretik Movistarrentzat lan egiten zuten tekniko, autonomo eta azpikontratatuek 75 eta 85 egun bitarteko greba egin zuten. Hasieran greba horrek tokian toki emaitza desberdinak izan bazituen ere, Movistarreko langileek Marea Urdina delakoaren baitan duintasun materialaren eta bizi baldintza duinen aldeko borroka bati heldu zioten. Egun langileak borrokan ari dira eta borroka horren gaur gaurko nolakotasun eta helburuak hurrengoak dira:

Bizitza duinaren eta lan baldintza duinen aldeko borrokak erroan dituen arrazoiak ikusarazi eta lan prekarietateari aurre egin.

Eremu publiko, laboral zein sozialean indarrean den prekarietatearen aurkako borroka hau hauspotzea.
Correscales, “Prekarietatearen aurkako Korrika” bezala izendatutako ekimenaren parte egin nahi ditugu elkarte, herri mugimendu, eragile zein norbanakoak.

Correscales, “Prekarietatearen aurkako Korrika”, Otsailaren 17an abiatuko da Bilbotik. Ibilbidean zehar 70 korrikalarik hartuko dute lekukoa eta 700 kilometro osatuta, Otsailaren 21ean iritsiko da Bartzelonara. Ibilbidean zehar duintasunaren aldeko dokumental bat grabatuko da eta bertan kapitala metatzeko eskubidearen ondorioz beste askok bizi behar dugun egunerokotasun prekario emozional eta materiala jasoko da.

Guzti honen helburua oinarrizko lan eskubideen alde lan egiten duten kolektiboentzako elkartasunezko funts kooperatibo bat osatzea da. Hala, gure bizitzen gain erabakiak hartzen dituztenei aurre egiteko bitarteko bat sortuko da eta helburu hau posible egiteko 70.000 herritar eta elkarteren parte hartzea bilatzen duen aurrekaririk gabeko Crowunfounding dinamika jarri da abian.

Movistarreko langileek abiatutako ekimen hau herri, auzo eta hiri mailako elkarte, eragile eta herritar askoren babesa jasotzen ari da, herrien arteko elkartasuna herri horietako langileen arteko elkartasuna dela ulertzen duten elkarte, eragile eta herritarren babesa.

Gure eskualdeei dagokionez, Correscales “Prekarietatearen aurkako Korrika”-rekiko elkartasun taldeak hainbat kultura elkarte, gizarte eragile, sindikatu eta mugimendu politiko barnebiltzen ditu eta Marea Urdinak egindako deiari hainbat ekimen eta mobilizaziorekin erantzun zaio.

Hala, testuinguru honetan, Marea Urdinaren arrazoiak eta nolakotasunak aztertuta, gure udaletxeak instituzio moduan, duintasunaren aldeko borroka hau babestea ekarpen garrantzitsu eta positiboa litzateke dudarik gabe. Horregatik, Osoko Bilkurak mozio hau onartzea proposatzen dugu, Correscales “Prekarietatearen aurkako Korrika” ekimenaren arrazoien duintasunagatik, marea urdinaren tamainagatik eta batez ere langileon arteko oinarrizko elkartasunagatik.

Aurrez azaldutako guztiagatik Amasa Villabonako EH BILDU koaliziotik MOZIO hau aurkezten dugu Villabonako udaleko Osoko Bilkuran onartu dadin:

1. Amasa Villabonako Udalak Correscales, Prekarietatearen aurkako Korrikari babesa adierazten dio.

2. Amasa Villabonako Udalak herritarrei Correscales Prekarietatearen aurkako Korrika ekimenaren harira antolatutako ekintzetan parte hartzeko deia luzatzen die.

3. Amasa Villabonako Udalak lan munduko kontratu eta konkurtso publikoetako klausula sozialak indartzeko eta hauen jarraipena egiteko konpromisoa hartzen du. Era berean prekarietatea sortzen duten enpresekin dituen harremanak berraztertuko ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!