Oihuak eta dantza Larraitzen

Ataria 2016ko otsailaren 7a

Azkeneko urteetan galdu ez den ohitura berritu zuten atzo Abaltzisketako txantxoek eta Amezketako talai dantzariek eta eguerdian elkarrekin egin zuten dantza Larraitzen

Nekazal giroko inauteriak dira Abaltzisketa eta Amezketan ospatzen direnak. Aspaldiko ohitura nondik datorren zehazki ez dakite, nahiz eta neguaren amaiera eta udaberriaren etorrera ospatzeko erritualaren zantzuak hartzen dituen Txindoki azpi horretan ospatzen den usadioak. Neguko lozorroa igarota, esnatzeko deia luzatzen diote lurrari makil dantzarekin eta dantzan ari direla botatzen dituzten oihuekin.

Inauterietan bi egunetan ateratzen dira amezketako talai dantzariak. Larunbatean, Bedaio inguruko baserriak pasa zituzten eskean eta Ugarte inguruan eta herrigunean ibili dira gaur.

Abaltzisketako txantxoak berriz, Zaldunita egunez ateratzen dira puska biltzera. Herriko baserrietatik zortzi dantzari, mozorro jantzita eta arpegia margotuta ibiltzen den errazduna eta zakuan puskak biltzen dituen laguna. Soinu jolearekin batera, hamaika lagun guztira.

Elkarrekin Larraitzen

Eguerdiko 12:30an Larraitzen elkartu dira gaur, bi herrietako dantzariak, ermita parean. Txantxoek eta talai dantzariek doinu bera dantzatzen dute, baina erritmo diferentean. Talde bakoitzak bere aldetik erakustaldia egin ondoren, elkarrekin egin dute dantza: motelago aurrena eta azkarrago gero. Elkarri bostekoa eman ondoren segi dute bidea arratsaldera arte.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!