Absolbitu egin dituzte Aznar hiltzen saiatzea egotzitako lau lagunak

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Unanue 2016ko otsailaren 3a

Agerraldia egin zuten senide eta lagunek auzipetuei babesa emateko, azaroan.
Epaiaren arabera, ez zegoen nahikoa froga Pello Olano, Goio Jimenez, Juan Mari Mujika eta Luis Iruretagoiena zigortzeko.

2001eko apirilean misilak jaurtitzeko arma batekin Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohia hiltzen saiatu zirela leporatu zieten lau akusatuei. Iazko abenduan egin zuten haien aurkako epaiketa, eta errugabe zirela deklaratu zuten laurek.

Olanok, Jimenezek eta Mujikak ukatu egin zuten sekula ETAko kide izana. Olanok, gainera, salatu zuen guardia zibilek torturatu egin zutela. Iruretagoienak, aldiz, aitortu zuen ETAko militantea zela 1974az geroztik, baina ukatu egin zuen hilketa saio horretan parte hartu izana: 1983an ezker eskua galdu zuela azaldu zuen, eta "ezinezko" litzaiokeela misil bat erabiltzea. Berak aitortuagatik, ETAko kide dela frogatu arren, Iruretagoiena espetxean dago, eta non bis in idem printzipioa aplikatuta absolbitu dute —gauza beragatik bi aldiz ez zigortzekoa—.

Errugabetasun ustekizuna urratzeko moduko froga nahikorik ez dagoela idatzi dute epaian, Aznar hiltzeko ahalegin hartan parte hartu zutenik ezin frogatuta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!