Tolosaldeko lau herritarren aurkako epaiketa salatu dute

Maier Ugartemendia 2015ko aza. 27a, 09:00

Peio Olano, Juan Mari Mujika, Luis Iruretagoiena 'Suni' eta Goio Jimenez auziperatuen senide eta lagunek fiskalaren eskaera «oso larria» dela jakinarazi dute

Abenduaren 9an eskualdeko lau herritarren aurkako epaiketa burutuko da Auzitegi Nazionalean. Asteazken iluntzean eskainitako agerraldi batean euren senide eta lagunek babesa eskaini nahi izan zieten.

Peio Olano lizartzarra, Juan Mari Mujika amezketarra, Luis Iruretagoiena ‘Suni’ eta Goio Jimenez tolosarrei 71 eta 72 urteko espetxe zigor eskaera egin diete fiskalak, ETArekin lotura izatea, armen biltegian parte hartzea eta Jose Maria Aznarren hilketa saiakeran parte hartzea leporatuta.

Lauak zuzenbide beran sartuta dauden arren, Mujika eta Iruretagoienak espetxean jarraitzen dute eta aldiz, Jimenez eta Olano baldintzapeko askatasunean daude. Nahiz eta, kanpoan bete beharrko baldintzak «oso zorrotzak» direla salatu duten. Hain zuzen ere, Olano agerraldian izan zen eta epaiketaren data gerturatu ahala gero eta «urduriago» dagoela aipatu zuen.

Aipatu bezala, senide eta lagun ugari izan ziren agerraldian, eta Haimar Altunak hitza hartu zuenean espetxean jarraitzen duten Mujika eta Iruretagoiena izan zituen gogoan, «besarkadarik sentikorrena» helarazi nahi izan zietelarik.

Eskualdeko lau herritarren aurkako epaiketa testuinguru politiko «zail eta kezkagarri» batean datorrela azaldu zuten, eta fiskalaren eskaera «oso larria» dela gaineratu zuten, «Euskal Herriak eta Tolosaldeak bizi duten egoera sozial eta politikoarekin zerikusirik ez dutenak».

Horrez gain, euren atxiloketa egunak gogora ekarri nahi izan zituzten, oraindik «hotzikara» eragiten dietela azalduz, «atxilotuek igaro behar izan zituzten basakeria, infernu eta tortura testigantzengatik». Hain zuzen ere, Peio Olano jarri zuten horren adibide: «80. hamarkadan atxilotua eta torturatua izan arren, 2010eko inkomunikaziozko egunak askoz okerragoak izan ziren».

Gauzak honela, torturen aurkako salaketa egin zuten. Zoru etikoa «gora eta behera» erabiltzen dela, eta torturaren «amesgaiztoaren errudunek» egindako kaltea ez dutela aitortzen eta barkamenik ere ez dutela eskatzen adierazi zuten. Horregatik, «hipokresiaren maisuak» direla uste dute.

Euskal Herriko testuingurua

ETAk jarduera amaitua bertan behera utzi arren, Euskal Herrian «bortxakeria» ez dela amaitu salatu zuten: «Torturaren inguruan egia osoa estaltzen duten bezala, atxiloketek jarraitzen duten bezala, mendekuan oinarritutako kartzela politikak bere horretan mantentzen dute, dispertsioaren errusiar erruleta asteroko ogia milaka euskal herritarrentzat...». Eta bide horretan euskal herritarren aurkako epaiketak egiten jarraitzea «irmoki» salatu zuten.

Egoera horiei «errezeta errepresiboak» ez diren bestelako bideekin erantzun daitekeela uste dute, munduan zehar bezala: «Indarkeriak gogor jotako Kolonbiak erakusten digu testuinguruari loturiko justizia trantsizionalaren aplikazioaz garaitu eta garailerik gabeko bakearen eraikuntzan aurrera egin daitekeela».
Euskal Herriak bizi duen egungo egoeran, gatazka politikoaren konponbidea «helburua eta ametsa» dela adierazi zuten agerraldian, eta bide horretan «baku justu eta demokrazian oinarritutako eszenatoki baten alde» lanean ari direla azpimarratu. Hain zuzen ere, gatazka politikoak «bide politikoen bitartez» konpondu behar dela uste dute, baina horretarako epaiketa guztiekin «amaitu» beharra azpimarratu zuten: «Ezin da normalizazioaz eta bakeaz hitz egin, epaiketek jarraitzen duten bitartean eta azken finean, Espainia eta Frantziako kartzeletan preso politikoak dauden bitartean».

Autobusak epaiketara joateko

Lau auziperatuei epaiketan babesa eta elkartasuna erakusteko, Madrilera joateko autobusa antolatu dute eskualdetik. Hain zuzen ere, Tolosatik abiatuko da autobusa, abenduaren 9an, 04:00etan, Usabalgo geltokitik.

Izena emateko Tolosan Rakun eta Lizartzan Ostatuan eta Jose Marinean jarri dituzte zerrendak, eta bestela bi telefonotara ere dei daiteke izena emateko 687 04 72 39 (Lurdes) edo 606 17 08 44(Haimar).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!