Argi laugarren postuarekin!

Asier Imaz 2016ko urt. 30a, 20:40

Altuna III-Merino II.ak 22-7 irabazi die Artola-Albisuri Idiazabalen. Ligaxka amaitzeko bost jardunaldiren faltan, gaurko irabazleek laugarren postua bi garaipenera daukate. Artola-Albisu hirugarren daude, baina hurrengoak porrot bakarrera dituzte.

Idiazabalgo Igarondoko pilotalekua lepo zegoen 17:00ak baino lehen. Herriko festen barruan, pilota jaialdia, baina sarrera guztiak agortuak. Frontoia, lepo, 500 ikusle inguru.

Txapelketa desberdina egiten ari diren bi bikote irten dira kantxara. Alde batetik, gorriz, orain arte euren jokorik onena erakutsi ez duten Altuna III-Merino II.a; hil ala bizi laugarren postua amets. Bestetik, urdinez, hirugarren bikoterik onena, Artola-Albisu. Hauek laugarren postua urbil daukate atzetik, baina bosgarrena hiru porrotera dutenez, lasaitasun punttu batekin.

Txapelketak orain arteko bilakaera jarraitzen baldin badu, ligaxka Artola-Albisuk hirugarren buka lezakete; Altuna III.a-Merino II.ak bosgarren edo seigarren. Finalerdietarako txartela beraz, alegiarrarentzat eta ataunsarrarentzat. Baina ligaxka amaitzeko bost jardunaldi falta dira, eta laugarren postu horretan eskualdeko ordezkari bat egongo dela esatea ere, orain arteko bilakaeraren barruan sar daiteke. Beraz, argi. 

Jokin Altunaren eta David Merinoren txapelketako partida izan da gaurkoa. Lehen aldiz, partida osoan zehar, bikote sendo baten itsura eman dute. Egia da urdinek 14 pilota galdu dituztela, baina galdu ez arren, tanto horiek gorrien aldera erortzeko aukera handiagoak ziren, kantxan erakusten ari ziren sentsazioengatik. Merino II.ak udan bezala eta txapelketan orain arte ez bezala, agindu egin du. Ondorioz, Altuna III.ak ez du horrenbesteko presiorik izan gainean, eta bere pilotak aukeratzeko tartea izan du. Horri, bi pilotariek erakutsi duten konzentrazioa gehitu behar zaio. Eurak 22 egin izana, beraz, ez da arritzekoa izan.

Iñaki Artolak eta Jon Ander Albisuk zazpi egin dituzte txapelketako euren partidarik kaxkarrenean. Ahaztu eta aurrera begiratzea besterik ez daukate. Ez da euren partida izan. Hutsegiteak baino esanguratsuagoa izan da uneoro partidatik kanpo sentitu izana. Horrelakoetan esaten den bezala, alde onari begiratzea geratzen zaie: Batetik, Artolaren eskuin eskuak oso babestuta hasi du partida, bestetan baino tako gehiagorekin; amaieran ez zegoen okerrago, beraz, gustura. Bestetik, bostetik bi partida irabazita finalerdietan egongo dira, merezimendu osoz, lau onenen artean; eta hori, lorpen handia da.

Partidako datuak (Idiazabalgo Ibai eta Xabiren eskutik):

Tanto boladak: 2-0; 2-4; 10-4; 10-5; 12-5; 12-6; 19-6; 19-7 eta 22-7.

Jokin Altuna: Galdutakoak bakarra; airez zazpi egindakoak, eta dejadaz bat; sakez bi.

David Merino: Galdutakoak bakarra.

Iñaki Artola: Galdutakoak bost, eta egindakoak beste bost: bat sakez, hiru airez eta bat dejadaz.

Jon Ander Albisu: Galdutakoak hamar, horietatik bi behartuta.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!